Gaurko egunez [maiatzaren 24an] hil zen,
orain dela 80 urte, Severo Guenaga Zelaia etxebarritarra, eta egun gutxi aurretik [maiatzaren 12an] bere anaia Juan Guenaga Zelaia. Herrian, beti jakin izan dute anaia biak, 1936ko gerrak harrapatu eta hil zirela. Hala ere, familiak
ez zeukan informazio gehiegirik, eta urteurrenaren harira, Juan eta Severo Guenagaren senideak bildu eta egin duten ikerketaren berri eman diete
Ahaztuen Oroimena elkartekoek. Hitzordura joateko aukera izan zuten bizirik dauden lobetatik lauk eta beste hainbat senideek “pozik” jaso zuten, hainbat urtez jakin nahirik egon diren gertakarien kontakizuna.
Juan eta Severo Guenagaren lobak osaben argazkiak eskuetan dituztela. Argazkia: Ahaztuen Oroimena elkartea
Erregistro zibilak, udal artxiboak…
toki guztietan ibili dira Ahaztuen Oroimenako kideak miaketan, eta anaia bien historia osatu ondoren, senideekin elkartu dira Etxebarrian.
Juan Guenagaren ibilbidea jarraitzea errazago egin zaiela azaldu dute Ahaztuen Oroimenako kideek. Severo Guenegarena, berriz, ezĀ horrenbeste. “Juanen heriotza argitzea errazagoa izan da. Dokumentazio eta ikerketa lanak argiago egin ahal izan dira. Baina Severo, inork ez zekien ezer, inon ez zegoen ezer”.
Azkenean, Aranzadiko Jimi Jimenezi esker argitu dute Severo Guenagaren heriotza. “Getxon hobiratu zuten, eta horrela jakinarazi diogu familiari”.
Gertakariak. Ahaztuen Oroimenako kideek jakin izan dutenez, 1937ko maiatzaren 12an hil zen
Juan Guenaga Zelaia. Artxibo batean aurkitu dutenez, 1936ko azaroan Etxebarriko ebakuatu gisa erregistratu eta Munitibarko Aransolon errefuxiatu zen senideen baserrian. Hurrengo, Barakaldoko Munoako koarteleraino jarraitu zioten pista. “Osasungitzari lotutako beharren batean aritu zen 1937ko martxoan eta apirilean. Maiatzean, Bizkargin zeuden Celta batailoi anarkistako kideak artatzea egokitu zitzaion. Bertan, zauritu zen eta handik Basurtuko ospitalera eraman arren, hil egin zen. Bilboko hilerrian lurperatu zuten”, azaldu dute.
Severo eta Juan Guenaga Zelaiaren ilobak, haien senideeak, Josefa Bereziartuaren semeak eta Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideak Etxebarrian. Argazkia: Ahaztuen Oroimena elkartea
1937ko maiatzaren 24an hil zen, berriz
Severo Guenaga Zelaia. “Ezkondu eta gerrara joan behar izan zuen. Ustez Bizkargi inguruan zauritu eta ospitalera eraman zuten. Heriotza-aktan dionez, metrailak eragindako zaurien ondorioz hil zen, eta Getxon hobiratu zuten”.
Ahaztuen Oroimenako kideek azaldu dutenez, urtero, maiatzaren lehenengo domekan elkartzen dira Txorierri inguruko herritarrak Bizkargin, bertan borrokatu zuten gudarien omenez.
Egun berean, Severo eta Juan Guenagaren senideekin elkartu eta orain dela 80 urte gertatutakoaz jardun nahi izan dute. “80 urte igaro ondoren jakin dute zer gertatu zitzaien. Haien gurasoek egin zituzten ahaleginak, jakin nahi zuten non ziren semeak. Baina, ezin”.