Sarek dispertsio politika amaitzeko eskatuko du ekainaren 9an
Manifestazioa egingo du lehenengo, eta ekitaldia ondoren. Preso eta iheslariak dispertsioaren «errebotetik» Euskal Herriko «frontoira» ekarri gura dituSare Gernika-Lumok ekainaren 9an manifestazioa egingo du dispertsio politika amaitzeko, 19:30ean ...
Manifestazioa egingo du lehenengo, eta ekitaldia ondoren. Preso eta iheslariak dispertsioaren «errebotetik» Euskal Herriko «frontoira» ekarri gura ditu
Sare Gernika-Lumok ekainaren 9an manifestazioa egingo du dispertsio politika amaitzeko, 19:30ean Merkuriotik abiatuta. Erreboteraino eta buelta, denak Euskal Herrira! lelopean burutuko dute, hain zuzen ere, manifestazioa, eta amaieran, ekitaldia egingo dute Auditorioan.Sareko kideek agerraldia egin zuten bariku arratsaldean, eta ia 30 urtez mantentzen den dispertsio politika amaitzeko askotariko norbanakoen «indarra eta abiadura» beharrezko direla nabarmendu zuten.
Zesta-puntaren metafora erabili zuten agerraldian: «Jokoak eta bere ezaugarriek duten indarra eta jarduna tarte batez baliatzeko asmoa plazaratzen dugu. Izan ere, dispertsioak probokaturiko errebotetik buelta egiteko, zestalari askoren bultzada behar dugu. Gernikatik Gernikara. Norbanako bakoitzak berea egin dezake, eta bere estiloan baliatu, ekarpena burutzeko».
Espainiako eta Frantziako gobernuek egoera aldatzeko «borondaterik ez» dutela gogoratu zuten; giza eskubideak errespetatzeko, legea betetzeko eta Euskal Herriko «gehiengo sozialak» adierazten dutena gauzatzeko borondaterik ez dutela, alegia. «Guk premiaz eta urgentziaz giza eskubideak errespetatzea, konponbidean oztopo bat ez izatea eta euskal herritarroi bake eszenatoki bat bakean eraikitzen utz gaitzaten nahi dugu».
Euskal preso eta iheslari politikoek eta haien senide eta gertukoek bizi duten «egoera krudelari» buelta emateko ordua heldu dela aldarrikatu zuten. Dispertsioaren «errebotetik» Euskal Herriko «frontoira» ekarri behar direla adierazi dute.