185 ikaslek parte hartuko dute bigarren bertso topaketan
Herriko ikastetxeetako 185 ikaslek parte hartuko dute Bermeoko bigarren bertso topaketan. Bermeoko Kafe Antzokian batuko dira gaur, 17:30ean.Gu ere bertsotan proiektuaren barruan, Bizkaiko Bertsozale elkartearen eskutik, 2016/17 ikasturtean San Frantz...
Gu ere bertsotan proiektuaren barruan, Bizkaiko Bertsozale elkartearen eskutik, 2016/17 ikasturtean San Frantzisko Herri ikastetxeko, Bermeoko institutuko, Eleizalde ikastolako eta Sagrado Corazon ikastetxeko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako 185 ikaslek bertsolaritza landu dute ikasgeletan, eta ikasturte amaierako jaialdi horretan urte osoan ikasitakoa kalera atera eta jendaurrean erakutsiko dute.
Bertso topaketa lau zatitan banatuko dute: bertsolaritza ikasleen parte hartze zuzena, bertso saioa, kantaldia eta bertso paper lehiaketaren sari banaketa. Ander Elortegi eta Jone Larrinaga bertsolaritza irakasleek aurkeztuko dute saioa, eta besteak beste, Nagore Beitia bertsolari bermeotarrak parte hartuko du.
Juan Karlos Agirre Gazteria Saileko zinegotziaren arabera, giro oso polita sortuko da topaketan.