Orain dela hiru urte hasitako bidetik, kultur egitarau oparoa antolatu du Galarrena Kultur Elkarteak udarako. Aurreko urteetako formatua mantendu dute, aurten, baina, aldarrikapenekin lotutako ekimen gehiago eta herriko talde eta elkarteen parte hartze handiagoa izango dute.
Hamaika kolore eta borroka zoriontsu leloa darama aurtengo egitarauak. Zergaitik?
Lehenengo urtean Galarrena Libre lemapean antolatu genuen egitaraua, Herriko Tabernen kontrako sententzia irten berri zenean. Sekulako erantzuna jaso ostean, iaz pauso bat gehiago ematea pentsatu genuen. Horregatik, Abantian! leloa aukeratu zen, sententziak sententzia eta mehatxuak mehatxu, aurrera jarraitu nahi genuela argi esateko. Aurten, bide horretan, beste pausotxo bat eman eta Hamaika kolore eta borroka zoriontsu izateko mezua zabaltzea erabaki dugu, gure filosofia eta proiektuaren adierazle ezin hobea delako. Hamaika kolore eta aldarrikapen ditugu, Euskal Herrian zein Lekeition, eta Galarrenak horietan laguntzen jardun gura du.
Zein motatako ekintzak egongo dira aurten? Berritasunik badakar aurtengo egitarauak?
Aurreko urteetako antzeko formatua mantendu dugu, orokorrean, funtzionatzen duela ikusi delako. Berrikuntza nagusia, izatekotan, aurten gai ezberdinen inguruko hitzaldi gehiago eskaintzen saiatu garela, lehen esandako aldarrikapenekin lotutako gaiak jorratzeko: errefuxiatuak, turismo ereduak, eredu energetiko alternatiboak… Ahalegin berezia egin dugu honetan. Bestalde, aurtengoan talde gehiagok parte hartuko du egitaraua bera antolatzen.
Inaki Goikoetxea eta Inaki Leniz, Galarrena kultur elkarteko kideak.
Zein izango da oraingoan, ekimenekin bat egin dezakeen publikoa?
Orain artean bezala, adin guztietako jendeak parte har dezake egitarauko ekimenetan. Umeentzako ipuin kontalaritik hasi eta kopla txapelketara, xake txapelketatik igarota… edonork du aukera etortzeko.
Urtero, arrakasta handiz, pala txapelketa prestatzen duzue. Noiz hasiko da jokoan?
Gaur amaitzen da izena emateko epea eta txapelketa datorren astean bertan hasiko da. Berandu dabiltzanak, izena eman ddezatela beraz!
Galarrena, Euskal Herriko beste herriko batzuk bezala, oraindik zarratzeko agindupean dago. Nola bizi duzue egoera hori?
Momentuz, lasaitasunez bizi dugu egoera. Denbora aurrera joan arren, badakigu edozein unetan etor daitezkeela zarratzera eta horrek mugatu egiten gaitu zenbait gauzetarako. Hala ere, ezin gara horri begira egon. Onerako ala txarrerako, ia-ia ohitu egin garela esan daiteke horrela egotera… baina gogoz gaude lanean jarraitzeko eta egitarau hau da horren adibideetako bat.
Egoera horren aurrean zein izango da Galarrena Elkartearen jarrera?
Unea heltzen denean ikusiko dugu hori. Dena dela, ez da guk bakarrik erabakiko dugun zerbait, herri bezala erantzun beharko baitugu. Bitartean, argi dugun bakarra zera da: zabalik jarraitzen dugun egun bakoitza aukera bat gehiago dela Lekeitiori eta lekeitiarrei gure ekarpentxoa egiteko, eta borrokan jarraituko dugula, zoriontsu izateko beste modurik ez dagoelako.
EGITARAUA
- MAIATZAK 26
I. Galarrena pala txapelketa. Jon Goikoetxea Memoriala. Izena emateko azken eguna.
- MAIATZAK 28
II. Xake Txapelketa. Txiki memoriala. 11:30ean, Jokin Erdozia X.T.ak antolatuta.
- EKAINAK 2
Umeentzako ipuin kontalaria. 18:00etan, Ane Gebara.
- EKAINAK 8
Hitzaldia. Ongi etorri errefuxiatuak, 19:30ean, Sortuk antolatuta.
- EKAINAK 16
Kontzertua. 20:00etan, Zain taldea eta arrain parrillada.
- EKAINAK 22
Hitzaldia. Eredu energetiko alternatiboei buruzko hitzaldia, 19:00etan.
- EKAINAK 30
Dokumentala. 20:00etan, Motxilaren umea, Kalera Kaleraren eskutik.
- UZTAILAK 1
Oktabosfest. 10:00etatik aurrera, Santi Brouard kiroldegian.
- UZTAILAK 13
II. Galarrena Kopla Txapelketa. 20:00etan Poto Bertso Eskolak antolatuta.
- UZTAILAK 22
Finala. 20:00etan sari banaketa eta kontzertua oskar Estangaren eskutik. Ostean, poteoa eta afaria.
- ABUZTUAK 6
Hitzaldia. Turismoak prekarizatzen gaitu, 18:00etan Ernaik antolatuta.