Bertsolari eta bertsozaleen topaleku izango da
zapatuan [ekainak 3] Markina-Xemein. Bizkaiko bertsolaritzaren ekosistema osoa, eskualdez eskualde, eta etenik barik elikatu eta bertsogintzaren oinarria motibatu, finkatu eta garatzea helburu,
Bizkaiko bertsolaritzaren jaia antolatu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bertan.
Egun osoko jaia izango da; goizean Eskolarteko finalak (idatzizkoa eta bat-batekoa) eta arratsaldean Taldekako finala jokatuko dira.
Taldekako finalean egongo diren hiru taldeetako ordezkariak eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak, zapatuko egitaraua eskuetan dutela.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gaur goizean [maiatzak 30] aurkeztu du jaia, Markina-Xemeinen bertan. Taldekako finalean egongo diren hiru taldeetako ordezkariak ere batu dira bertan, bertsozale guztiak finalera gonbidatzeko: Abadiñoko
Koipelustre’s,
Iurretako Bertso Taldea eta Markina-Xemeingo
Akerbeltzen antxumak.
Markina-Xemeingo taldeko kideek
urduri, baina gogotsu daudela aitortu dute.”Pisu handia da finalera pasatzea bera, eta gehiago norbere herrian kantatu beharra”, adierazi dute. Beste bi taldeek maila handia dutela diote. “Ohore handia da guretzat Kristina eta Justo moduko bertsolariekin edo Abadiñokoekin kantatzea”.
Finala, bestalde, zabalik dagoela uste dute. “Talde lana hobetoen egiten duenarentzat izango da garaipena”.
Eskolartekoa. Asko dira Bizkaian bertsolaritza lantzen ari diren gaztetxoak. Hezkuntza arautuan, bat-bateko taldeetan eta batez ere bertso eskoletan lantzen dute. Landutako hori guztia gazteenei zuzendutako Eskolarteko sariketan erakutsiko dute, idatzizkoan lehenengo, eta bat batekoan ondoren.
Idatzizko finala
10:00etan hasiko da, Markina-Xemeingo frontoi txikian, eta Bizkai osoko 150 gaztetxo inguru batuko dituela jakitera eman du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Ordu bete inguru izango dute bertsolari gazteek proposatutako ariketak egiteko. “Gaztetxoak 5 mailatan egongo dira banatuta: 5. maila, 6. maila, DBH1, DBH2, DBH3 eta Batxilergoa”.
Bat bateko finala,
11:30ean hasiko da.
Zortzi bertsolari gaztek egingo dute bertsotan: Aritz Landeta Terceñok, Beñat Bilbao Landak, Bittor Altube Sarrionandiak, Eztizen Artola Iturratek, Gorka Pagonabarraga Agorriak, Iruri Altzerreka Martinezek, Maider Barañanok eta Naroa Torralba Rodriguezek.
Markina-Xeingo saioan buruz burukoa jokatzen duten 2 bertsolari hoberenak, ekainaren 10ean Saran egingo den Euskal Herriko Eskolarteko finalerako sailkatuko dira.
Akerbeltzen antxumak taldeko kideak.
Taldekakoa. 30 taldek eman zuten izena Taldekakoan, eta guztira, 200 parte hartzailetik gora egon dira txapelketan. Ekimenak perfil anitzeko parte hartzaileak bildu dituela nabarmendu dute antolatzaileek. Gazteak, betaranoak, aspaldi bertsotik aparte zenbiltzanak, hasiberriak…
Finala
17:00etan hasiko da. Kanporaketetan modura, taldeak gutxienez sei lagunekoak izango dira, eta gaiak hiru taldeetako gai jartzaileen artean pentsatuko dituzte. Talde bakoitzak epaile bat edukiko du, baina publikoak ere izango du zeresana.
Eguna borobiltzeko, gainera, eguerdian
herri bazkaria egongo da, bazkide bik prestatuta. Bazkarirako txartelak
www,bertsosarrerak.eus atarian daude eskura, eta hartzeko azken eguna
gaur [maiatzak 30] izango da. Horrez gain, herriko txosna batzordearen eskutik, txosna egongo da zabalik egun osoan, eta iluntzean, otartekoak ere egongo dira.
Joxpa taldearen erromeriak emango dio amaiera egun osoko egitarauari.