Lanak amaituta, jadanik erabilgarri dago Markina-Xemeingo skate park berria. Barroeta futbol zelairantz dagoen lursail batean eraiki du Markina-Xemeingo Udalak maila guztietako zaleei zuzendutako bainuontzi formako instalazioa, eta ekainaren 10ean inauguratuko dela aurreratu dute.
Markina-Xemeingo Skate Park-a. Argazkia: Markina-Xemeingo Udala
Instalazioaren ondoan, erabiltzaileek gunearen erabilpen egokia egiteko, skate park-aren erabiltzeko araudi orokorra biltzen duen
informazio panela jarri dute. Bertan jakinarazten denez, skateboard-ak, patinak, scooter patineteak eta BTX bizikletak soilik erabili ahal dira instalazioan. Gainera, derrigorrezkoa da babesgarriak (kaskoa, belaunetakoak…) erabiltzea.
Bestalde,
12 urtetik beherakoek ezingo dute instalazioa erabili, nagusi batek lagunduta ez bada, eta animaliarik ezingo da sartu espazioan. Euria denean edo lurzorua bustita dagoenean berriz, parkea ezin dela erabili ohartarazi dute.
Skate Park-eko araudia. Argazkia: Markina-Xemeingo Udala
Ordutegi jakin bat izango du guneak:
8:00etatik 22:00etara udan, eta
20:00ak arte gainontzeko urte sasoietan. Azkenik, erabiltzaileei gunea eta ingurua garbi mantentzea eskatzen zaie. “Zaborrik ez botatzea eta instalazioetan pintadarik ez egitea; azken finean, guztion gozamenerako den espazioa zaintzea” azaldu du udalak. Horretarako, laster, zabor-ontziak eta eserlekuak jarriko dituztela jakitera eman dute.