Berrifood jardunaldia antolatu du Leartikerrek
Antolatzaileek azaldu dutenez, elikagaien sektorea oinarri hartuta, urtero antolatzen den jardunaldi teknikoak elikagaien sektorea eta berrikuntza uztartzea du helburu, eta horretarako, edizio bakoitzeko gai nagusia aldatzen joaten dira momentuko beharrizanei edo jakinminari erantzuna eman nahian. Horrela, aurtengo jardunaldiaren lehen zatian elikagai enpresa ezberdinek Leartikerrekin elkarlanean burututako produktu berrien garapen eta dibertsifikazio proiektuetan izandako esperientziak partekatuko dituzte; bigarren zatiak, berriz, elikagaigintza sektorean 3D inpresioak duen erabilera izango du oinarri.
Ibilbidearen berri. Elikagaigintzaren alor ezberdinetako 5 enpresak (Harakai, Ekotarriko, Pikunieta baserria, Ameztoi anaiak eta Iztueta Baserria) Leartikerrekin lankidetzan burutu duten ibilbidearen berri emango dute, eta produktu berritzaile horiek aurkeztu eta beraien enpresetan izan duten edo izaten ari diren eragina ere azalduko dute. “Esnekiak, plater prestatuak edo haraki produktuak ekoizten dituzten enpresa hauek garatu dituzten produktu berriak merkatuan aurkitu ditzakegu gaur egun, baina merkaturatze fasera iristeko bide luzea egin behar izan dute”, azaldu dute.
3D teknologiaren bi alderdi ezberdin azalduko dituzte ondoren. Alde batetik, elikagaigintza sektorean aplikagarriak diren plastikoen 3D inpresioaz arituko da Mymat Solutions enpresako Josu Goikoetxea; eta bestetik, Naia Andonegi Leartikerreko Elikagaien Teknologia alorreko zuzendariak elikagai produktu berrien garapenean 3D teknologiaren aplikazioak duen garrantziaz hitz egingo du. “Kasu bietan, kasu errealak eta praktika onak elkarbanatuko dituzte entzuleekin”.
Barikuko jardunaldian parte hartu nahi dutenek www.leartiker.com webgunean aurkituko dute jardunaldiko programa zehatza eta jardunaldian izena-emateko aukera. Sarrera doakoa izango da.