Europako Geoparkeen Asteko ospakizunak domekan [ekainak 4] amaituko dira, Mutrikuko Olatzeko Ibilbide Geologikoaren inaugurazioarekin. Dena dela, domekara bitartean beste ekintza batzuk ere eskainiko ditu Geoparkeak.
Maiatzaren 19an hasita, askotariko ekintzak egin dira Geoparkeak antolatuta Mutriku, Deba eta Zumaian. Eta horietan guztietan
herritarrek ondo erantzun dutela esan dute Geoparkeko arduradunek. Joan den asteko zapatuan [maiatzak 27, esaterako, 100 lagun inguruk parte hartu zuten kostaldea auzolanean garbitzeko ekintzan (behean argazki galeria –argazkiak Geoparkearenak dira–).
- Bihar [ekainak 1], esaterako, Leire Arrieta hitorialari mutrikuarrak Erbesteko lehen Eusko Jaurlaritza hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, Zabielen. Antolatzailea: Mutrikuko Udala.
- Barikuan [ekainak 2], aldiz, Labarretako izakiak marrazki lehiaketako sari banaketa egingo da, 17:30ean, Debako turismo bulegoan. Horretan, Mutriku, Deba eta Zumaiako Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartuko dute (6-12 urte bitarteko ikasleek). “Haur eta gaztetxoek bikain erantzun diote deialdiari, eta argazki mordoa jaso dira (557 marrazki)”. Hiru kategoriatan banatuta emango dituzte sariak, ziklo bakoitzeko bat. “Kategoria bakoitzean lanik onenek diploma eta oparia jasoko dute. Horrez gain, marrazki guztien artean onena denak sari nagusia eskuratuko du (Errioxako Enciso errian dagoen El Barranco Perdido paleoabentura parkea ezagutzeko bidaia –sarrerak eta gau bateko egonaldia beretzat eta familiarentzat–).
- Zapatuan [ekainak 3], 10:00etan, Flysch & Go irteera geologikoa egingo da Zumaian. Irteera Asier Hilario Geoparkeko Zuzendari Zientifikoak gidatuko du ibilaldia, euskaraz. “Txago horrek emango dio amaiera Flysch & Go proiektuari”.
- Domekakoa [ekainak 4], baina, bestelako ekintza izango da. Izan ere, Olatzeko Ibilbide Geologikoa inauguratzeaz gain, Geoparkeak auzoan ipinitako interpretazio panel berriak adituen azalpenekin ulertzeko aukera edukiko dute herritarrek; Eusal Herriko Unibertsitateko eta Geoparkeko adituek gidatuko dute irteera.
10:00etatik 13:00etara egingo da ekintza, eta herritarrek doan parte hartu ahalko dute; Mutrikuko turismo bulegoan izena eman behar da (943-60 33 78). Aurreratu dutenez, 6,5 kilometroko ibilbidea izango da, baina zailtasunik ez duela edukiko esan dute. «Familia osoarentzat da aproposa». Besteak beste, Olatzeko harana ezagutu eta bertako bitxikeriak ezagutzeko aukera egongo dela esan dute.
Gogora arazi dutenez,
Zer da zuretzat Geoparkea? argazki lehiaketara argazkiak bidaltzeko epea ere domekan amaitzen da. Horretan parte hartu nahi duten herritarrek Twitterrera edo Instagramera igo behar dituzte argazkiak, #Geoparkea traola erabilita.
Geoparkeen Astearen baitan antolatutako ekintzen inguruko
informazio gehiago,
HEMEN.