Bera Kruz Ikastolak antolatuta bigarren Binke Trail Martxa egingo da bihar [ekainak 2] Markina-Xemein inguruetan zehar. Jadanik
300 lagun baino gehiagok eman dute proban parte hartzeko izena, eta bihar bertan ere, izena emateko aukera egongo da lasterketa hasi baino lehen.
I. Binke Trail martxa. Argazkia: Bera Kruz Ikastola
Iaz bezala,
bi ibilbide antolatu dituzte: publiko guztiei zuzendutako 6 kilometroko ibilbide laburra, eta 13 kilometroko luzea.
Ibilbide laburrari dagokionez, parte hartzaileak Akarregira igoko dira lehenengo eta Barroetatik bajatu ondoren, herriko Zelaian egongo den helmugara iritsiko dira. Martxa
18:00etan hasiko da Bera Kruz Ikastolako jolaslekuan.
Ibilbide luzea oinez zein lasterka egin daitekeela azaldu dute antolatzaileek. Proba luzea aukeratzen dutenek, Akarregira igo beharko dute hasteko, eta gero Etxebarritik igarota Iparragirrerantz abiatuko dira handik Zelaiko helmugara heltzeko. Ibilbidea oinez egiteko asmoa dutenentzat, irteera
18:00etan izango dela zehaztu dute antolatzaileek eta ibilbidea aringa-aringa egingo dutenak, berriz,
18:45etan aterako dira. Guztiek Bera Kruz Ikastolako jolaslekuan izango dute irteera.
I. Binke Trail martxako partaideak helmugaratzen. Argazkia: Bera Kruz Ikastola
Dortsala eta kamiseta. Aurretik izena eman dutenek,
17:00etatik 17:45etara egin behar dute ordainketa ikastolako jolaslekuan, eta bertan jasoko dituzte lasterketarako dortsala eta kamiseta. Aurrez izena eman ez dutenek ere badaukate oraindik parte hartzeko aukera. Horretarako ikastolako jolaslekura joan behar dira lasterketa orduko. “Azken momentuan izena ematen dutenek ez dute kamiseta lortzeko aukerarik izango”, azaldu dute antolatzaileek.
Binke Trail Martxagaz gain, urtero antolatzen duten
Kostako Bizikleta Buelta egingo da, zapatuan [ekainak 3]
9:45ean, Bera Kruz Ikastolak Zelaira begira duen sarreraren paretik abiatuta. Parte hartu nahi dutenek ordurako bertan egotea besterik ez dute egin behar.