Eskulanak eta prestaketak dira nagusi azkenaldian
Izarbidean elkartearen Topalekuan. Asteroko ekimen ugarien artean (soinketa, igeriketa, arte eskola, musikoterapia, zaldi terapia, sukaldaritza…) tartetxo bat egin, eta buru-belarri jarri dira guztiak lanean, ekainaren 17a ezin hobeto ateratzeko.
Hamar urte betetzen ditu aurten elkartearen Topaguneak, eta urte osoan ekimenak antolatuko dituzte. Bertso bazkaria egin zuten martxoan, eta kantuan ere atera ziren Markina-Xemeingo beste talde batzuekin batera, Santa Ageda bezperan. Ekitaldi nagusia daukate orain, atarian: Egun osoko jai erraldoia,
Izarbidean Eguna.
«Oraingoan ez da gure jai bat izango, herriak parte hartzeko jai bat izango da. Karmenak balira bezala herritar orok parte hartzeko ospakizuna», azaldu du Luis Egurrola Izarbidean elkartearen lehendakariak.
Adin mugarik ere ez dute jarri nahi izan. «Kolore ezberdinez osatutako abanikoa osatzea nahi dugu». Horrela, adin guztiei begirako ekimenak prestatu dituzte, txikienei zuzendutako sormen tailerretik hasita.
Dantzak egongo dira ondoren, eta, zelan ez, Izarbideanekoek ere hartuko dute parte dantza batean. «Ianire De Andres Topagunera etorriko da, eta bertan prestatuko dugu ikuskizuna».
Garrantzitsuena, hala ere, herritarren parte hartzea izango dela azpimarratu du elkarteak behin eta berriz. “Ez da ezelako ahalegin berezirik egin behar. Etorri, parte hartu eta gozatu besterik ez”
Photocall-a ere prestatzen dabiltza, izarrez apaindutako leiho bereziagaz, eta txosna ere zabalik egongo dela jakitera eman dute, «11:00etatik aurrera, pintxo eta guzti».
Proiekzio berezi bat eta Topaguneko boluntarioak antolatzen ari diren ezusteko bat ere iragarri dituzte. Eta ez da faltako bazkari herrikoi bat ere. Garrantzitsuena, hala ere, herritarren parte hartzea izango dela azpimarratu du elkarteak behin eta berriz. «Ez da ezelako ahalegin berezirik egin behar. Etorri, parte hartu eta gozatu besterik ez. Kuadrillakoekin, lagunekin, familiagaz… eguna pasatzeko aukera paregabea da. Bazkaria merke, eta beste guztia doan».
Ilusio handiagaz ari dira prestatzen jaia, eta Topagunearen erabiltzaileek ere egin dituzte euren ekarpenak. Motxila 21en kontzertua euren eskaera izan da, esate baterako. «Oso talde aproposa da, aniztasun fisiko edo intelektuala daukaten jendeagaz osatutakoa delako, eta erabiltzaileei horrek bizitasun puntu bat ematen die, jaiaren parte sentitzen dira» azaldu dute elkarteko boluntarioek.
Guztientzako topaleku. Jaiaren helburua, batez ere, jendeak ondo pasatzea dela adierazi dute, baina, aldi berean, elkartea ezagutarazteko aukera ere badela uste dute. «Jendearentzako egiten ari gara jaia, gure esker ona erakusteko eta intergrazioa helburu harremanak sortu eta interakzioa egoteko».
Izarbidean ezagutzen ez duenarentzat jaialdi batean hurreratzea errazago izan daitekeela ere ikusten dute, eta horretarako antolatu dituzte gustu askorentzako moduko ekimenak, partekatzea da-eta helburua. «Jai oso polita izan daiteke, proiektua gehiago ezagutu eta barrutik ikusteko».
Gurasoen ekimenez sortu zen elkartea, eta boluntarioen laguntzagaz joan da sendotzen eta forma hartzen. «Gurasoek ere atseden bat sentitzea, baina batez ere eurek ere, izaki autonomo moduan aisialdiagaz gozatu ahal izatea da asmoa. Momentu onak partekatu ditugu, eta partekatzen jarraituko dugu oraindik».
Izarbidean elkarteko lehendakaria eta boluntarioak, Topagunearen atarian.
Josteko
tailerrak, sukaldaritza
ikastaroak, musikoterapia, mahai
jolasak, bingoa, arte eskola, ekinoterapia… Orain dela hamar urte, aukera berriei ateak zabaldu zizkien Topaguneak Izarbideaneko kideei. Bost urte zeramatzan elkarteak martxan, eta hasiera batean, elkartzeko, batera egoteko lekua behar zutela pentsatu zuten, baina Topaguneak berak, harantzago bultzatu ditu. Topaleku soila izan behar zuenak, poliki-poliki proiektu sendoago baterantz eraman du Izarbidean.
Gizarteratzea izan dute beti ere oinarri, eta horren inguruan ekimen asko egin dituzte. Barrura begirako ekimenak lehenengo, Topagunetik kanpokoak ondoren, eta azken urteetan herrira begirako gauza gehiago. «Gaur egun helburua zabalagoa da, eta beste elkarte batzuekin topo egitea, herriko jendeagaz topatzea nahi dugu. Herriko topagune bat izatea, harremanak egitea».
Hasierako ekintza batzuk mantendu badituzte ere, berriak gehitzen joan dira. «Azken finean jende ezberdina sartzeak proektua aberastu egiten du.
Ideia berriak sortzen dira, eta ondorioz, gauza asko egin dira, uste baino gehiago». Proposamen berriei, gainera, zabalik daudela azpimarratu dute. «Aukerarik badago, egingo dugu».
Hamargarren urteurrenagaz bat, garrantzi handiko zer edo zer egin nahi izan dute, eta horren harira, egun osoko jai handi bat ospatuko da Markina-Xemeinen ekainaren 17an. «Ilusioz betetako jaia izango da, bat egin gugaz».
EGITARAUA: Izarbidean Eguna
- 11:00-12:30. Sormen Tailerra, Plazabarripean.
- 12:30-13:00. Dantza aske taldearen erakustaldia Ianire De Andresekin, Arkutan.
- 13:00. Aulestiko K-Tum-K batukadarekin poteoa, Karmengo iturritik hasita.
- 14:00. Herri bazkaria.
- 16:25. Izarbidean elkarteko argazki emanaldia.
- 16:30. Giroa animatzeko, herriko artistak: Lorea (Ziortza-Bolibar), Itzalak taldeko Andoni Caballero, Algara taldea eta Iñaki Kareaga.
- 18:00. Motxila 21 taldearen kontzertua.
- 19:30. Mirari eta Lutxurdixogaz erromeria.
- Egun guztian. Txosna eta photocall-a.
- HERRI BAZKARIA:
- Txartelak: Sakris tabernan,Kukubiltxo dendan edo 648 25 52 97 telefono zenbakian.
- Txartelak erosteko azken eguna: Ekainak 9.
- Tokia: Plazabarripean.
- Menua: Paella mistoa, solomoa, postrea, kafea eta edaria (zeliakoentzat egokia). 15 euro. Umeen menua: Paella mistoa, postrea eta edaria. 8 euro(14 urtetik behera).