Aste batzuetan lotuta eduki ostean, Beheko Mojen Plazako tirolina erabiltzeko moduan ipiniko du bihar [ekainak 2] Markina-Xemeingo Udalak. Hemendik aurrera baina, ordutegi zehatz bat izango du:
11:00etan martxan jarri eta
20:00etan berriro lotu egingo dute brigadako beharginek. Ordutegia finkatzearekin batera, udaltzaingoak inguru horretako
zaintza handiagotuko duela ere azaldu du udalak, eta erabilera arauak zehazten duten
kartelak ere jarriko dituzte.
Tirolina martxan egon zen bitartean, erabiltzaileek jarrera desegokiak izan zituztela salatu zuten inguruko bizilagunek, eta horregatik tirolina behin-behinean geldiaraztea erabaki zuen udalak. Horrelakorik berriro gertatu ez dadin, erabileraren jarraipena egingo dute.
Markina-Xemeingo Beheko Mojen Plazan dagoen tirolina.
Bizikidetza. Tirolinaren erabiltzaileen eta inguruko bizilagunen arteko bizikidetza on bat lortzea da udalaren helburua. “Udala konbentzituta dago arazoa ez dela tirolina bera, erabiltzaile batzuen
jarrera desegokia baizik”. Are gehiago, tirolinaren inguruan eman diren portaera desegokiak denbora luzean herri osoan errepikatzen ari direla azaldu dute, eta portaera batzuk benetan arduratzekoak direla uste du udalak.
“Udalak
auzo biziak sortzeko bere ahaleginean lanean jarraituko du, ume eta gaztetxoei kanpoko jolasak eskainiz eta aisialdi aukera berriak sortuz”. Helburu horregaz, aurrera begira, beste auzo batzuetan jolas gehiago jartzea da udalaren asmoa.