Joan den asteburuan lapurtutako bederatzi bizikleta berreskuratu dituzte Lekeition
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ondarroako Ertzain-etxeak eta Lekeitioko udaltzaingoak elkarlanean egindako ikerketaren bitartez, joan den asteburuan lapurtutako 9 bizikleta berreskuratzea lortu dute. Ustez, bizikletak herriko bizilagun batek ostu zituen.
Maiatzaren 26 eta 28a bitartean bost salaketa izan zituen Lekeitioko udaltzaingoak, sei bizikleten lapurretagatik. Hori dela eta, udaltzaingoak gertaeren berri eman zien Ondarroako Ertzain-etxeko arduradunei, eta bien artean ikerketa bat zabaldu zuten arduraduna aurkitu eta bizikletak berreskuratzeko.
Ikerketa horreri esker udaltzaingoak lapurtutako bizikleta bat herriko bizileku batean aurkitu zuela azaldu du Segurtasun Sailak. Informazio horregaz, ikertzaileek, etxebizitza horretako bizilagunean oinarritu zituzten ikerketak, eta horrela, atzo [ekainak 1] etxebizitza horretan 9 bizikleta aurkitu zituztela jakitera eman du Segurtasun Sailak: salaketa jarri zuten seirak eta ustez lapurtuak izan ziren baina salaketarik jarri ez duten beste hiru.
Ikertzaileek jakin dutenez, lapurraren asmoa bizikletak saltzea zen.
Gertakari horien aurrean, ertzainak, etxebizitza horretan bizi zen 33 urteko gizonezkoari bizikleten lapurretagatik ikertua dela jakinarazi diote.