Curriculuma besapean, Lea-Artibai, Mutriku bai eta inguruetako herrietako hainbat lagunek bisitatu dute gaur goizean [ekainak 5], Lea Artibai Ikastetxeak antolatutako
Lan Azoka. Langabetu zein lanpostu hobeago bat bilatu nahi dutenak eta enpresak aurrez aurre harremanetan jartzeko aukera eskaini du Markina-Xemeingo ikastetxeak hirugaren urtez antolatu duen ekimenak.
10:30ean zabaldu ditu ateak, ikastetxearen aparkalekuan kokatu duten azokak. Denetara
15 enpresa egon dira bertan, eta bakoitzak bere postua izan du curriculumak jaso edo informazioa emateko: Eroski, Batz, Maier-MTC, Kide, Eika, Cikautxo, Nemak, Tep, Danobat Group, Fundacion Novia Salcedo, Alfa, Lanbide, Lea-Artibai Ikastetxea, Azaro Fundazioa eta Gestamp.
Jendea ilara egiten, III. Lan Azokan.
Lehen orduan jende gutxi ibili bada ere, apurka-apurka jendea hurreratzen joan da azokara eta hilarak ere sortu dira postu batzuen aurrean. Izan ere, batzuk curriculuma zein postutan entregatu nahi zuten argi eduki badute ere, beste batzuk posturik postu ibili dira lan bila.
Adin ezberdinetako eta esperientzia ezberdinetako jendea batu da gainera, azokan, batzuk lehen lanaren bila eta beste batzuk euren esperientzia eskaintzeko prest.
Alex Txikonen hitzaldia egon da Esperantza eraikineko aretoan.
Hitzaldia. Isabel Mendiguren Lea Artibai Ikastetxeko zuzendariaren eta
Xabi Uranga Lantokietako Formakuntza arduradunaren aurkezpenagaz hasi da gaurko ekitaldia, eta ondoren, negu sasoian Nanga Parbateko zortzi milakoa igotzen lehena izan den
Alex Txikon euskal mendigoizalearen esperientzia ezagutzeko aukera egon da Esperantza eraikineko aretoan. Bizi izan duen esperientzia gogorra partekatu eta horrelakoak aurrera eramateko behar den konstantzia azpimarratu du mendigoizaleak.
Jarraian,
diplomak banatu dizkiete Lanbide Heziketako ikasleei, eta Alex Txikonen eskutik hartu ahal izan dute ikasleek egindako lanaren ziurtagiria.