Aste osoan gaztetxean entsegatzen egindako orduek fruitu ona eman zieten Akerbeltzen antxumak Markina-Xemeingo taldeari. Eurek izan ziren zapatuan [ekainak 3], euren herrian bertan jokatu zen lehen Bizkaiko Taldekako txapelketaren irabazleak. Ez ziren saria eraman zuten herritar bakarrak izan, Eskolarteko idatzizko sariketan bigarren gelditu ziren Bekobenta Eskolako
Paule Mustadi eta Bera Kruz Ikastolako
Zuberoa Azpiazu.
Egun guztiko jaia izan zen zapatukoa. Goizean eskolarteko finalak jokatu ziren, eta arratsaldean taldekako finala. Eguerdian, gainera, bazkari herrikoia egon zen, eta
120 lagunetik gora batu ziren bazkaltzera frontoiaren babespean. Txosna ere jarri zuen herriko Txosna Batzordeak, eta eguna borobiltzeko, Joxpa taldearekin erromeria egon zen.
Zapatuan Markina-Xemeinen egin zen Eskolarteko idatzizko sariketa. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea
200 gaztetik gora elkartu ziren Markina-Xemeinen bertsoen inguruan. Goizean goiz hasi zen jaia; 10:00etan, idatzizko sariketa egin zen, eta ostean lehiatu zen bat-bateko finala.
Idatzizko finala. Bizkai osoko gazteak batu ziren goizean goiz Markina-Xemeingo frontoi txikian, eta gai-jartzaileek proposatutako ariketak egiteko ordu bete inguru eduki zuten. Bost mailatan hartu zuten parte eta maila bakoitzeko lehen hirurek jaso zuten saria. Sarituak hauek izan ziren:
5. maila
- 1. saria: Ihart Arakistain, Betiko ikastola, Sopela.
- 2. saria: Paule Mustadi, Bekobenta Eskola, Markina-Xemein
- 3. saria: Ander Larrozea Apraiz, Urretxindorra, Muxika
6. Maila
- 1. saria: June Diaz, San Nikolas ikastola, Algorta
- 2. saria: Zuberoa Azpiazu, Bera Kruz ikastetxea, Markina-Xemein
- 3. saria: Peio Lopez, Astileku ikastola, Portugalete
DBH1. maila
- 1. saria: Araitz Katarain, Berrizko institutua, Mallabia
- 2. saria: Izaro Bilbao, Larramendi ikastola, Mungia
- 3. saria: Zaloa Garate, Betiko ikastola, Getxo
DBH2. maila
- 1. saria: Maddi Egiguren, Karmelo ikastola, Bilbo
- 2. saria: Peio Lago, Betiko ikastola, Getxo
- 3. saria: Iker Portillo, Iturriotz Bertso Eskola, Turtzioz
DBH3. maila
- 1. saria: Maddi Zabalo, Arratia BHI, Zeberio
- 2. saria: Maria Atutxa, Arratia BHI, Igorre
- 3. saria: Maider Altuna, Arrigorriaga BHI, Arrigorriaga
DBH4 eta batxilergoa
- 1. saria: Peru Irastorza, San Nikolas ikastola, Algorta
- 2. saria: Enara Falagan, Txorierri BHI, Larrabetzu
- 3. saria: Uxue Elgorriaga, Solokoetxe, Bilbo
Eskolarteko bat-batekoa Berrizko Bertso Eskolako Iruri Altzerrekak irabazi zuen, buruz burukoa Beñat Bilbao Gernikarrarekin jokatu ostean. Biak, beraz, datorren zapatuan [ekainak 10], Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalera ere sailkatu dira.
Iruri Altzerrekak irabazi zuen Eskolarteko bat-batekoa. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez, 14 eta 18 urte bitarteko
40 gaztek parte hartu dute aurtengo eskolarteko bat-bateko sariketan. Horietatik 8 heldu ziren zapatuko finalera: Aritz Landeta Terceño, Bittor Altube Sarrionandia, Beñat Bilbao Landa, Eztizen Artola Iturrate, Gorka Pagonabarraga Agorria, Iruri Altzerreka Martinez, Maider Barañano Uribarri eta Naroa Torralba Rodriguez.
Markina-Xemeingo frontoia ikuslez beteta egin zuten bertsotan zortzi finalistek, Itxaro Juaristi Olaetxea gai-emoileak gidatuta. Epaile beharretan, Leire Etxebarria Gaztelu, Miriam Juaristi Urizar eta Alaitz Etxanobe Bereziartua aritu ziren.
Zortziko handian ofiziotan, zortziko txikian ofiziotan eta bakarka gaia emanda egin ostean,
Iruri Altzerreka Martinez eta Beñat Bilbao Landa sailkatu ziren buruz burukora. Iruri Altzerrekak batu zituen puntu gehien, eta beraz, 2017ko eskolarteko txapela eskuratu zuen. Moises Enbeita Ealo bertsolari, bertsozale, eta antolatzaile finak ipini zion txapela.
Taldekakoa. Bizkaia mailako lehenengo taldekakoa jokatu da aurten. Bizkai osoko 30 taldek hartu dute parte eta 200 lagunetik gora ibili dira azken hilabetetan bertsotan. “Taldeek, gutxienez, 6 partaide izan dituzte, 3 bertsolari, gai-jartzailea, epailea eta antolatzailea, eta 10 saioz osatuta egon den kanporaketa eta finalaurrekoak (3 saio) modu autogestionatuan antolatu dituzte taldeek”, azaldu dute antolatzaileek.
Iurretako Bertso Taldia, Abadiñoko Koipelustre´s eta Markina-Xemeingo Akerbeltzen antxumak ailegatu ziren Markina-Xemeinen jokatu zen taldekako finalera. 17:00etan hasi zen taldekakoa, eta ordu eta erdiko saioaren ostean herriko taldeak, Akerbeltzen antxumak, lortu zuen garaipena.
Akerbeltzen antxumak taldeko Nahia Ibarzabal, Josune Aramendi eta Nerea Ibarzabal bertsolariak Plazabarripeko oholtza gainean.
Akerbeltzen antxumak taldean
Josune Aramendik,
Nahia Ibarzabalek eta
Nerea Ibarzabalek egin zuten bertsotan, Iurretako taldean Justo Alberdik, Kristina Mardasek eta Iker Apraizek eta Abadiñoko taldearen izenean Aitor Bizkarrak, Igor Galarzak eta Txaber Altubek.
Gai-emaile beharrak
Maddi Ibaibarriagak (Akerbeltzen antxumak) eta Ainhoa Urienek (Kopipelustre´s) egin zituzten, eta epaile beharrak aldiz, Jon Jaiok (Iurretako Bertso Taldie), Beñat Gaztelurrutiak (Kopipelustre´s) eta Jone Ansotegik (Akerbeltzen antxumak).
Epaileen iritzia, eta publikoaren iritzia kontutan hartuta, beraz, Akerbeltzen antxumak izan ziren garaile.
Sari emote ekitaldian, taldekakoan parte hartu duten 30 taldetako kide bana igo zen oholtzara, oroigarri bat jaso eta talde argazkia ateratzera.