Bertsoekin jostatuz hizkuntza landu
Bertsolaritzari buruz dakitena erakusteko aukera izan zuten atzo eskola umeek Lizeo antzokian egin zituzten bertso topaketetan. Kantatzeaz gain, jolasteko aukera ere izan zuten, Ander Elortegi bertsolariak gidatutako saioetan.Doinuak, errimak, puntuak ...
Bertsolaritzari buruz dakitena erakusteko aukera izan zuten atzo eskola umeek Lizeo antzokian egin zituzten bertso topaketetan. Kantatzeaz gain, jolasteko aukera ere izan zuten, Ander Elortegi bertsolariak gidatutako saioetan.
Doinuak, errimak, puntuak eta neurriak baino gehiago da bertsolaritza. Komunikatzeko modua ere bada, jostatzeko tresna, sormena garatzeko diziplina eta bat-batekotasuna garatzeko bidea. Ikasleen artean bertsolaritzarenganako zaletasuna piztu asmoz, eskolak ematen dituzte Gernika-Lumoko ikastetxeetan. Bertsoekin jostatuz, hizkuntza lantzeko eta garatzeko aukera dute ikasleek horrela.Atzo, ikasturtean ikasitakoa erakutsiz, ondo pasatzeko aukera ere eduki zuten, eskolarteko topaketetan. 10:00etako eta 12:00etako saioetan, Lizeo antzokian bildu ziren LH 5-6. mailetako eta DBHko ikasleak. Asmakizunak, jolasak, antzezlanak eta bestelakoak baliatuz, bertsoak sortzeko ahalmena erakutsi zuten gazteek.
Bigarren urtez egin dute topaketa, eta balorazio ona egin zuen Euskara zinegotzi Marisa Aldamizetxebarriak. Haren esanetan, topaketek bertsolaritzari hezkuntza mailan behar duen lekua ematea dute xede. «Bertsoekin gozatzeko aukera dute ikasleek, eta , horrela, bertsolaritzak merezi duen tokia hartzen du», zehaztu zuen. Bertsolaritza eskolekin, bertsoekiko zaletasuna pizteaz gain, hizkuntza ere lantzen dute ikasleek. Zinegotziak esan zuenez, «hizkuntza arlo askotan landu daiteke, eta, sarritan, arlo akademikoagaz lotzen dugu euskara. Baina hori baino gehiago da, eta bertsolaritzak euskara modu gozagarrian lantzeko aukera ematen du».
Zaletasuna pizteko
10:00etako saioan bildu ziren Seber Altube, Mertzede, Barrutia eta Barrutialde ikastetxeak; eta 12:00etakoan Allende Salazar, Gernika BHI eta San Fidel. Bigarrenez egin dute topaketa, iazko arrakastari erantzunez. «Eskoletan hasi ziren ikasleak bertsoak modu ezberdinean lantzen, eta iaz erabaki genuen lehenengoz eskolen arteko topaketak egitea. Ikasleek pozik parte hartu zuten, gustura egon ziren, eta aurten berriro errepikatzea erabaki dugu», azaldu zuen zinegotziak.
Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Bizkaiko Bertsozale elkarteak antolatzen dituzte topaketak, eta iaz baino zaletasun handiagoa nabari izan dute. Agertokian, ikasleek egin beharrekoa gidatzeko ardura izan zuen Ander Elortegik atzo. Eta ikasleei bertsolaritzak ibilbide bat izan dezakeela erakusteko, Elortegiren eskutik heldu ziren, baita Lilibertsoko kideak oholtza gainera. Mikel Retolaza eta Ibai Amillategi Elortegiren aginduei jarraituta egin zuten atzo bertsotan 10:00etako saioan, Gernika-Lumoko ikasleen aurrean. Librean, ofizioka edo puntuka, bertso saioa eskaini zieten bi horiek Lizeo antzokian bildutakoei. Topaketek, beraz, zaletasuna sortzen lagunduko dutelakoan dago Aldamizetxebarria.