Birziklapenak gora egin du Mutrikun zabor bilketa sistema berriagaz
Sistema berriarekin %60ko birziklapen tasa lortzea zen helburua, eta hiru hilabete eta erdian %58,79ra iritsi dira. Abenduan jarri zuten martxan sistema berriaZabor bilketa sistema berriarekin birziklapenak «nabarmen» egin duela gora adierazi du Mutr...
Sistema berriarekin %60ko birziklapen tasa lortzea zen helburua, eta hiru hilabete eta erdian %58,79ra iritsi dira. Abenduan jarri zuten martxan sistema berria
Zabor bilketa sistema berriarekin birziklapenak «nabarmen» egin duela gora adierazi du Mutrikuko Udalak. Herritarrek 2014ko galdeketan erabaki modura, bosgarren edukiontzi bidezko zabor bilketa 2016ko abenduaren erdialdean hasi zen martxan. «Zabor bilketa sistema berriarekin ahalik-eta birziklatze tasa altuena lortu nahi zen; gutxiengo tasa %60an ezarri genuen». Bada, martxora arteko datuen arabera, %58,79ko birziklapen tasa dauka Mutrikuk.«Sistema ezarri eta hiru hilabete eta erdi beranduago emaitzak ikusten hasi gara: %35 inguruko birziklatze tasa edukitzetik %58,79ra jauzi egin dugu», azaldu dute. Dena dela, aurrera begira lanean jarraitzeko eta herritar guztien artean birziklatze tasa altuagoa lortzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute udal ordezkariek. Hala, Gipuzkoako zenbait herrik lortu duten %80ko birziklatze tasara ailegatzeko hobetzeko asko daukatela gaineratu dute.
Txartelak jasotzeke
Herritarren gehiengoa kontzientziatuta dagoela eta fin-fin ari bada ere, oraindik ere garai berrietara egokitu ez den herritar multzo bat badela esan dute. «Oraindik txartel asko daude udaletxean jaso gabe. Horrek esan nahi du, herritar horiek zaborra kalean uzten ari direla edota behar ez den edukiontzira botatzen ari direla». Jarrera horrek gainontzekoen lana baliogabetu egiten duela esan dute.
Udal ordezkariek sistema berriak dituen akatsak ere antzeman dituzte, eta horiek konpontzen ahaleginduko direla esan dute. «Herritarren hainbat kexa jaso ditugu edukiontziak altuegiak direla, ahoa txikiegia dutela, txipak erraz hondatzen direla eta abar esaten. Ez da erraza izango, baina ahal den neurrian akats horiek hobetzen saiatuko gara».
Halaber, sistema oraindik nahikoa berria dela eta merkatuan txipak egiten dituen enpresa bakarra dagoela gaineratu dute. «Edukiontziak zabaltzeko txipak nahikoa akats ditu, eta poliki-poliki produktua hobetzen badoaz ere, oraindik ez du berme osoa ematen».
Lur azpiko edukiontzi asko ere kondenatu egin behar izan dituzte. «Horiei momentuz ezin zaie txipik jarri, eta edukiontzi berriak gainean jarri ditugu aparkaleku gehiago kendu behar ez izateko». Dena dela, txipak egiten dituen enpresa edukiontzi horientzako txip berri bat garatzen dabilela eta laster probak egingo dituztela aurreratu dute. «Ahal denean, gure asmoa da lur azpiko edukiontzi horiek berriro zabaltzea».
Herritarrei ere edukiontzien aurrean ez aparkatzeko eskaera egin nahi izan diete. «Edukiontzien aurrean autoak aparkatzen badituzte, kamioiak ezin ditu zaborrak jaso. Beraz, ez dezatela edukiontzien aurrean aparkatu, ez egunez ezta ere gauez».
Oro har, «bide onetik» doazela azpimarratu du udalak. «Baina ez gaitezen erlaxatu, oraindik asko daukagu hobetzeko eta».
Bestalde, gogorarazi dute traste zaharrak eguen iluntzetan bakarrik jasotzen direla, eta horretarako aurretiaz Debabarreneko Mankomunitatera deitu behar dela: 943-70 07 99.