1936ko gerra garaian Markina eta Xemein herrietan
udal kudeaketan lanean aritzeagatik errepresioa jasan zutenei omenaldia egingo die Aitortza eta Omenaldirako lan-taldeak. Ahaztuen Oroimena elkartearen, Udaleko ordezkarien eta hainbat herritarren ekimenez osaturiko lan taldearen asmoa agintaritza zibila eta udal kudeaketa ardurak izateagatik zapalduak, erailak edota fusilatuak izan ziren pertsonak eta haien senideak frankismoaren biktima bezala dagokien aitortza eta errekonozimendu instituzionala izatea dela azaldu dute.
Aitortza hori egiteko, Markina-Xemeingo Udalak
omenaldi instituzionala egingo die herritar horiei, irailaren 9an, udaletxean egingo den ekitaldian. Besteak beste, Errepublikaren Defentsarako Herri Batzordean parte hartu zuten pertsonei eskainitako esker on eta errekonozimendu agiria irakurriko dutela aurreratu dute.
Markinako Karmengo eliza aurrea, 1937ko argazkia. Kutxateka
Omenaldi horren aurretik baina, bestelako hainbat ekintza egingo dira herrian datozen asteetan.
Barikuan [ekainak 9],
20:00etan, Trabajadoriak, frankismoaren esklabuak Oarsoaldean dokumentala emango dute Uhagon kulturgunean. «36ko gerraren ostean, obra ezberdinak egiteko milaka preso esklabu gisa zelan erabili ziren kontatzen da dokumental honetan» azaldu dute.
Proiekzioa baino lehen, Aitortza eta Omenaldirako lan-taldeak aurrera begira antolatu dituen ekintzen aurkezpena egingo du.
Horrez gain,
ekainaren 17an eta 18an bisita gidatuak egingo dira Markina-Xemeinen. «Horietan, 36ko gerraren pasarteak berreskuratuko dira, gerrak herrian zer nolako eragina izan zuen gogoratuz eta aipatzen diren puntuetatik ibilbidea eginez». Parte hartzen dutenen artean, gainera, ibilbidearen inguruko azalpenak jasotzen dituen esku-orriak banatuko dituzte.
Liburuxka didaktikoa. Bisita gidatuak 11:00etan hasiko dira Kontzekupetik, eta parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea, Uhagon kulturgunera deituz (94-616 63 03) edo email bat idatziz
kulturgunea@uhagon.com helbidera.
Horrez gain, eta irailaren 9ko omenaldiari begira, Aitortza eta Omenaldirako lan-taldea liburuxka didaktiko bat prestatzen ere ari dela aurreratu dute. «36ko gerrak Markina-Xemeinen izan zuen eraginaren inguruko laburpen bat jasoko du liburuxkak».
Amaitzeko, irailaren hasieran,
gerrako argazkien erakusketa jarriko da herriko zenbait tabernetan, herriko merkatari elkartearekin elkarlanean.