Askotariko kirol ekitaldiek hartuko dute Markina-Xemein asteburuan

Eskola Kirola 2016-2017 ekimenaren barruan, tenis, futbol, eskubaloi, atletismo eta gimnastika erritmikoko saioak egongo dira, eta Bizkaiko Eskolarteko Txirrindulari Lasterketa lehiatuko dute. Zapatuan tenis entrenu herrikoia egingo dute kiroldegian, 11:00etatik aurrera. 2017-2018 ikasturtean ekintza berri hau eskainiko dute, eta antolatzaileek zapatuko ate irekien saioan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Arratsalderako, berriz, futbol, eskubaloi eta atletismo erakustaldiak prestatu ditu Markina-Xemeingo Eskolarteko Gurasoen Federazioak. 16:00etan hasita, futbol eta eskubaloi erakustaldiak egingo dituzte zelaixen. Bertaratzen direnek udalerriko eskolarteko taldeen arteko partidak ikusteko aukera izango dute. Gero, leku berean, nortex eta pisu jaurtiketak, lasterketak, eta erreleboak burutuko dituzte atletismo erakustaldian, 18:00etan hasita. Amaitzean parte hartzaileen artean dominak banatuko dituzte. Bestalde, domeka goizean Bizkaiko Eskolarteko Txirrindulari Lasterketa lehiatuko dute 250 bat neska-mutilek. Markina-Xemeingo 35 txirrindularik eta gonbidatutako Bizkaiko 17 eskolarteko taldetako kideek parte hartuko dute.
eskolartekotxirrindulari

Bizkaiko Eskolarteko Txirrindulari Lasterketa lehiatuko dute domekan.

10:30etik aurrera, 1,7 kilometroko ibilbidea burutuko dute. Lea-Artibai Ikastetxean izango dute irteera eta helmuga. Handik abiatuta, Iturritxu kaletik, Bekobenta Eskolatik, Barroeta Futbol Zelaitik eta Arretxinagatik pasatuko dira. Halaber, Gimnasia Erritmikako XI. Topaketak hartuko ditu Frontoi Nagusixek. 11:30ean hasiko da saioa, eta talde gonbidatua Eibarko GR Club Ipurua dela jakitera eman dute antolatzaileek. Bestalde, karate erakustaldia antolatu dute hurrengo domekarako (ekainak 18). Kiroldegian izango da, eta Ondarru KT izango da gonbidatua.