Ganaduzaleen elkargune izango da Etxebarria zapatuan [ekainak 10]. Urtero modura, Ganadu Azoka antolatuko du Etxebarriko Udalak Galartza industrigunean, eta herriko ganaduzaleen animaliak ikusi eta erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
10:00etan hasiko da ganaduen erakusketa eta salerosketa azoka eta
14:00ak arte egongo da zabalik. 11. ekitaldiak behi, zaldi, asto eta poniak bilduko ditu batez ere. Hala, herriko ganaduzaleen sokan
54 buru behi eta txahal, eta
60 zaldi, mando, asto eta poni egongo dira lotuta. Horrez gain,
6 lote ardi eta
3 lote ahuntz egongo direla jakitera eman du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak, eta bertoko oiloek, untxiek eta antzarrek ere edukiko dute lekua azokan.
Behiak joan den urteko erakusketako sokan lotuta.
Salerosketarako abereentzako tokia ere egongo da azokan, eta atal horretan parte hartzea libre eta dohanekoa denez, kanpotik etorritako ganaduzaleen beste hainbat animalia ere batuko zaizkie herrikoei.
Ekoizleen postuak. Salerosketarako leku aproposa izango bada ere, herriko ganaduzaleen animaliak ikusi eta bertoko produktuak eskuratzeko parada ere emango du Ganadu Azokak. Animaliez gain, salmenta postuak ere jarriko dituzte inguruetako ekoizleek. Ogi eta pastelen bi ekoizle, gazta eta jogurten bat, kontserben postu bat, pate eta txerriki ekoizleak eta taloen postua egongo dira aurten.
Urtero bezala, udalak
taberna jarriko du eta okela errea dasdatu eta txakolina eta sagardoa hartzeko aukera egongo da.