Denboraldia hasi aurreko azken proba izango dute traineruek, domekan [ekainak 11], Lekeition.
Gizonezkoen Lekeitioko
39. ikurrina eta
emakumeen VII.a lehiatuko dira
11:30etik aurrera.
29 traineruk hartuko dute parte
Isuntza Arraun Elkarteak antolatuko duen ekitaldian, 5 emakumeenak eta 24 gizonezkoenak. Tripulazio kopurua dela eta, estropada hiru zatitan banatuko da. Emakumeak izango dira uretara ateratzen lehenak. Bi luze eta ziaboga bat osatu beharko dute hiru tandatan aterako diren traineruek. Lehenengo tandan Leartibai aterako da, bigarrenean Deustu eta Portugalete eta hirugarrenean Hibaika eta Orio.
Hibaika, Lekeitioko banderagaz. Argazkia: Errenteriako Hitza
Gizonezkoek erlojupekoa egin beharko dute lehenengo, binaka, eta gero, lerrokatutako hiru txanda. Lau kale egongo dira, eta traineruek lau luze eta hiru ziaboga bete beharko dituzte.
Erlojupekoan Mutriku eta Santoña, Kaiku B eta Deustu B, Getxo eta Elantxobe, Lutxana eta Donostiarra B, San Juan B eta Lapurdiko A.E. eta Arkote eta Hondarribi B neurtuko dira.
Lehenengo tanda, berriz, Portugaletek, Zumaia Ak, Getarik eta Zarautzek osatuko dute; bigarren tandan, Ondarru, Donostiarra A, Isuntza eta Deustu aterako dira, eta azkenik, hirugarren tandan Hondarribi Ak, Kaiku Ak, San Pedro Ak eta Zierbanak egingo dute arraun.
Urteurrena. Lekeitioko estropada Isuntzak urtero antolatzen duen asteburuaren baitan dator. Aurten, baina,
Isuntzaren Asteburua bereziago izango da oraindik. Izan ere, elkarteak
40. urteurrena ospatzen du aurten, eta egitarau berezia prestatu dute herritar guztiekin batera ospatzeko.
Zapatuan [ekainak 10] hasiko da ospakizuna,
11:00etan, plazan, lehiatuko den Arraun Duatloiagaz. Alebin, gazte eta kadete mailako ume eta gazteek hartu ahalko dute parte bertan.
Partaideek arraunean egingo dute lehenengo ergometroetan, eta korrikan egingo dute ondoren herrian zehar. Maila bakoitzeko distantzia ezberdinak osatu beharko dituzte.
Arraun Taldearen aurkezpena ere egingo du zapatuan Isuntzak. 14:00etan jarri dute ordua, udaletxeko eskaileratan talde guztien berri emateko.
Arratsaldean, berriz, umeentzako
puzgarriak egongo dira 17:00etatik 20:00etara, eta gauean,
rock and roll jaia egongo da plazan Rock’n’Roll taldearekin eta Maigul eta Joe Mcona bikotearekin.
20:00etan hasiko dira kontzertuak.