Olatu amaiezina "beharrezkoa da", euskarak arnasa hartzen jarraitzeko

Final lehiatuekin amaitu da Markina-Xemeingo 40. Esku Pilota Txapelketa

Atzo goizean [ekainak 11] erabaki ziren 40. Markina-Xemeingo Esku Pilota Txapelketako finalak. Sei maila ezberdinetako zazpi partida jokatu ziren 10:00etan hasita herriko frontoi txikian. Final parekatu eta lehiatuak izan ziren, eta aulkietan jesarrita zein zutik egon ziren zaletuek gustura jarraitu zituzten. Gazteen mailako partida jokatu zen lehenengo, eta ondoren txikienetik hasita nagusiak arte, beste guztiak. Atzo goizeko partida. Gazte mailan Bereikua eta Malaxetxebarria izan ziren garaile, txikien mailan berriz, Franco eta Larrinaga alde batetik eta Albizu eta Mandaluniz bestetik. Txikien mailan pilotari asko zeudenez, bi taldetan banatuta jokatu dute txapelketa eta bateko zein besteko txapeldunak “pozik” zeuden garaipenarekin. Haurren mailan Arrizabalaga eta Maguregi izan dira aurten garaileak, umetxoetan Egurrola eta Idigoras, umeetan Ibarloza eta Arriaga, eta azkenik nagusietan Gorosabel eta Albizu. Eñaut Gorosabel eta Kepa Albizuk ere poz handia hartu zuten. Albizurentzat, gainera, Markina-Xemeingo Txapelketako lehen txapela izan zen atzokoa. Sariak. Beti bezala, partida guztien amaieran eman zituen Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak sariak. Txiki guztientzako, gainera, dominak egon ziren, eta amaitzeko talde argazkia atera zuten guztiek batera. Horrez gain, esku pilota taldeak antolatu duen zozketako zenbakiak ere atera zituzten. Otzararen zozketako zenbaki saritua 3.498 izan da, eta ordezkoa 0969.
Ekitaldi amaieran taldeko argazkia atera zuten pilotari, antolatzaile, entrenatzaile eta sari emoile guztiek batera.

Ekitaldi amaieran taldeko argazkia atera zuten pilotari, antolatzaile, entrenatzaile eta sari emoile guztiek batera.

Bizkaiko Herri Artekoa. Herriko txapelketagaz gainera, Bizkaiko Herri Arteko finalaurrekoa ere jokatu dute Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotariek. Barikuan jokatu zuten joaneko partida Zeanuriko frontoian bertako taldearen kontra, eta Markina-Xemeingoek irabazi zuten 2 eta 1. Kadete mailan, Jon Sololuze eta Antxon Azpiazu aritu ziren, gazte mailan Josu Agirreamalloa eta Aimar Ibarloza eta nagusien bikotea Kepa Albizuk eta Mikel Urizarrek osatu zuten. Gazte mailan eta nagusietan gailendu ziren Markina-Xemeingoak. Bueltako partida, datorren zapatuan [ekainak 17], 17:00etan jokatuko dutela azaldu du Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo taldeko entrenatzaileak. Markina-Xemeingo hitzordua ere gogorra izango dela esan du Urionabarrenetxeak. “Nahiz eta Zeanurin irabazi, oraindik garaipena estu dago. Borrokatu egin behar da oraindik”.