Final lehiatuekin amaitu da Markina-Xemeingo 40. Esku Pilota Txapelketa
Sei mailatako zazpi final jokatu ziren domeka goizean frontoi txikian. Bizkaiko Herriarteko txapelketako joaneko partida irabazi eta bueltakoa jokatuko dute zapatuan herrianDomeka goizean erabaki ziren 40. Markina-Xemeingo Esku Pilota Txapelketaren fin...
Sei mailatako zazpi final jokatu ziren domeka goizean frontoi txikian. Bizkaiko Herriarteko txapelketako joaneko partida irabazi eta bueltakoa jokatuko dute zapatuan herrian
Domeka goizean erabaki ziren 40. Markina-Xemeingo Esku Pilota Txapelketaren finalak. Sei mailatako zazpi partida jokatu ziren herriko frontoi txikian. Final parekatu eta lehiatuak izan ziren, eta aulkietan jesarrita zein zutik egon ziren zaletuek gustura jarraitu zituzten.Gazteen mailako partida jokatu zen lehenengo, eta ondoren txikienetik hasita nagusiak arte, beste guztiak. Gazte mailan Bereikua eta Malaxetxebarria izan ziren garaile, txikien mailan berriz, Franco eta Larrinaga, alde batetik, eta Albizu eta Mandaluniz, bestetik. Txikien mailan pilotari asko zeudenez, bi taldetan banatuta jokatu dute txapelketa, eta bateko zein besteko txapeldunak «pozik» zeuden garaipenagaz.
Haurren mailan Arrizabalaga eta Maguregi izan dira aurten garaileak, umetxoetan Egurrola eta Idigoras, umeetan Ibarloza eta Arriaga, eta azkenik, nagusietan, Gorosabel eta Albizu.
Eñaut Gorosabelek eta Kepa Albizuk ere poz handia hartu zuten. Albizurentzat, gainera, Markina-Xemeingo Txapelketako lehen txapela izan zen atzokoa.
Bizkaiko Herriartekoa
Beti bezala, partida guztien amaieran eman zituen Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak sariak. Txiki guztientzako, gainera, dominak egon ziren, eta amaitzeko, talde argazkia atera zuten guztiek batera.
Horrez gain, esku pilota taldeak antolatu duen zozketako zenbakiak ere atera zituzten. Otzararen zozketako zenbaki saritua 3.498 izan da, eta ordezkoa 0969.
Herriko txapelketagaz gainera, Bizkaiko Herriarteko finalaurrekoa ere jokatu dute Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotariek. Barikuan jokatu zuten joaneko partida Zeanuriko frontoian bertako taldearen kontra, eta Markina-Xemeingoek 2 eta 1 irabazi zuten.
Bueltako partida zapatuan 17:00etan jokatuko dutela azaldu du Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo taldearen entrenatzaileak. Markina-Xemeingo hitzordua ere gogorra izango dela dio. «Nahiz eta Zeanurin irabazi, oraindik garaipena estu dago. Borrokatu egin behar da oraindik».