Ondarroako Danonartin elkartea esne bilketa ari da egiten ikastetxeetan
Kanpaina asteon ari da egiten elkartea. Horrenbestez, astelehenean hasita barikura arte [ekainak 12-16] egingo dute bilketa Txomin Agirre ikastolan, Zaldupe Eskola Publikoan, Zubi Zahar herri ikastolan eta Ondarroako institutuan.
Elkarteko kideek azaldu dutenez, esne bilketa ez dute proiektu zehatz batera bideratuko, baizik-eta elkarteak berak daukan beharrizana asebetetzeko izango da. Izan ere, jakinarazi dutenez, aspaldion esne gutxi bildu dute, eta elkartera laguntza eskean doazenentzako nahikoa ez daukatelako erabaki dute ikastetxeen bitartez bilketa egitea. «Dagoeneko esne oso gutxigaz gaude, eta benetan garrantzitsua izango da jendeak parte hartzea», azaldu dute.
Ume bat, esne bat. Kanpainaren helburua ikasle bakoitzak bere ikastetxera esne botila bat eramatea da. Horretarako, bilketa bereziak egingo dituzte ikastetxe bakoitzean.
Ez da lehen aldia Danonartin elkarteak horrelako kanpaina bat egiten duena. Iazko azaroan, esate baterako, Euskal Herriko elikagai bankuek urtero egiten duten janari bilketa aprobetxatuz, beste esne bilketa bat egin zuten Ondarroan: «Janari bilketa ikastetxeetan egin beharrean, kalera atera genuen elikagaiak batzearena, eta horrela ikastetxeetan esnea batu ahal izan genuen».