Oroitzapenerako, gogoetarako eta aitorpenerako eguna izango da irailaren 9a Markina-Xemeinen. Aitortza eta Omenaldirako Lan Taldearen ekimenez 1936ko gerra garaian Errepublikaren Defentsarako Batzordean, udal kudeaketan eta batzorde ezberdinetan aritzeagatik errepresioa jasan zutenak omenduko dituzte. Omenaldi instituzionala izango da gainera, eta esker on eta errekonozimendu agiria irakurriko du udalak.
Aitortza eta Omenaldi Lan Taldeko kide batzuk antolatu dituzten ekitaldiak azaltzen.
“Danok dakigun modura 1936 urtean gerra bat sufritzen zen hemen. Markina eta Xemeinen sartu zirenetik 80 urte luze pasatu dira, eta gure ustez, gerra berak egin zituen kalteak eta okerrak ez dira epe horretara bakarrik mugatzen. Hori baino luzeago iraun duten kalteak izan dira, zazpi hilabeteko frontearen ondorenak denbora luzez sufritu zituzten markinarrek eta xemeindarrek”, adierazi dute Aitortza eta Omenaldirako Lan Taldeko kideek.
Azaldu zutenez, gerra ostean
errepresio oso bortitza egon zen: zigorrak, gosea, erbestea, kartzela, esklabo beharrak, debekuak, mendekoak, bazterketa, mespretxuak… Errepresio horren ondorioz
hildakoak ere egon ziren, bai eta gaixotasunean bertan behera itxiak eta fusilatuak ere. “Larriagoa da gainera gerrarekin zerikusirik ez zuten boluntario talde batek, gerra denbora horretan Markinako edo Xemeingo udaletxea kudeatzen egoteagatik, errepresio eta heriotzak sufritu behar izatea bete betean”.
Hori guztia dela eta, Aitortza eta Omenaldirako Lan Taldea, horiei guztiei
aitortza eta esker ona adierazteko zer egin pentsatzen aritu da, eta ekimen ezberdinak antolatu dituzte.
Lantaldearen helburu nagusia irailaren 9an egingo den omenaldi eta aitortza ekitaldia antolatzea izango da. Ekitaldi horretan 1936ko uztailaren 18tik 1937ko apirilaren 27ra Markinan eta Xemeinen, herri bietan, agintaritza zibilean eta udal kudeaketan ibiltzeagatik zapalduak, erahilak edo fusilatuak izan ziren pertsonei eta euren senideei errekonozimendu instituzional bat egingo zaie eta frankismoaren biktima moduan aitortza bat.
“1936ko urrian sortu ziren Markinan eta Xemeinen Errepublikaren defentsarako herri batzordeak, Isunen, hornidura eta ikerketarako azpibatzordea eta Emakumeen zuzendaritza eta langileen kolokaziorako ikuskaritza batzordea. Euren zeregin nagusiak herriko armak biltzea, herrian ordena ziurtatzea, herriko ondarea zaintzea, elikagaien hornikuntza eta banaketa antolatzea , defentsarako eraikuntzak egitea eta azken baten herritarren bizikidetza ziurtatzea izan ziren. Denek era batera edo bestera errepresio gordin bat jasan zuten eta guk jende guzti hori omendu nahi dugu”.
Jende guzti hori eta euren familiak omentzeko heriotzera bideratu ziztuzten
zazpi pertsona hartu dituzte ordezkari modura. Hauek izango dira zazpi pertsona horiek:
- Benito Aginaga Ugalde. 1937ko uztailaren 4an hil zen Gasteizko kartzelan.
- Hilario Aretxabaleta Arriola, 1937ko uztailaren 21ean fusilatu zuten Derion.
- Juan Loiola Eizagirre, 1937ko irailaren 9an fusilatu zuten Derion.
- Anbrosio Mallukiza Aldaolea, 1937ko irailaren 16an fusilatu zuten Derion.
- Benito Muñoz Azpeitia, 1938ko otsailaren 1ean hil zen Iruñako San Kristobal kartzelan.
- Ignazio Ugarteburu Anitua, 1938ko urriaren 10ean hil zen Iruñako San Kristobal kartzelan.
- Angel Aretxabaleta Aizpuru, 1941eko otsailaren 6an bere buruaz beste egin zuen, jaso zuen errepresio guztiaren ondorioz.
“Deialdi berezi bat egin nahi diogu Markina-Xemeingo herriari ekitaldi honetan parte hatzeko eta horrela babesa eta elkartasuna adierazteko biktima guzti horiei eta orokorrean errepresaliatuak izan ziren guztiei”.
Alberto Unamuno Aitortza eta Omenaldirako Lan Taldeko eta Ahaztuen Oroimena elkarteko kidea egitasmoak azaltzen.
Bisita gidatua. Irailaren 9an egingo da ekitaldi nagusia, baina ekitaldi hori girotzeko beste ekitaldi batzuk ere antolatzen ari dira. Zapatuan eta domekan, esate baterako, bisita gidatuak egingo dira Markinako eta Xemeingo 36ko gerraren pasarteak erakutsiz. Hitzordua
11:00etan jarri dute
Kontzekupean, eta ordu eta erdi inguruko bisita izango dela aurreratu dute. Bisita gidaturako izena eman behar da. Horretarako Uhagon kulturgunera deitu behar da 94-616 63 03 telefono zenbakira. Bisita gidaturako triptiko bat ere prestatu dute.
Irailaren 9ko testuinguruagaz lotuta, bestalde,
liburuxka bat prestatzen ari dira 36ko gerrak Markinan eta Xemeinen izandako eragina edo gertaera garrantzitsuenak bilduko dituelarik. Liburuxka arin eta didaktikoa izatea dute helburu.
Horrez gain, irailean, herriko denda eta taberna batzuetan
argazki zaharren erakusketa egingo dute. Bakoitzean panel bat jarriko dute eta ibilbide bat eratzen saiatuko dira, toki bakoitzean momentu hartako argazki batzuk ikusi ahal izateko.
Ia urte hasieratik darama lanean herritar talde batek osatzen duen Aitortza eta Omenaldirako Lan Taldeak, eta abian jarri zirenetik euren asmoa
talde zabala izatea dela azpimarratu dute. «Nahi duen guztiak lantaldean lekua dauka, era zuzenean parte hartzeko edo beste era batean, ekarpenak eginez. Ekarpenak ere onartuak eta eskertuak izango dira».
Mikel Mendizabal ‘Trabajadoriak, frankismoaren esklabuak Oarsoaldean’ dokumentalaren egilea.
Dokumentala. 36ko gerraren ondorengo errepresioa guztiaren muina izanik, errepresio hori iraudikatzen duen dokumentala eman zuten ekitaldien aurkezpenaren ondoren:
Trabajadoriak, frankismoaren esklabuak Oarsoaldean. Dokumentalean Oarsoaldean
esklabotzan beharrean egon ziren Espainiar estatu guztiko pertsonek pairatutakoa kontatzen da. “Errepresio mota gogor bat erakusten du. Ze mendeku eta ze amorru egon zen gerra horretan galtzaile izan zirenen kontra”.
Mikel Mendizabal dokumentalaren egilea ere egon zen barikuko ekitaldian. Oarsoaldean, zehazki, 12.500 presoz, gutxi gorabehera, osatutako hemezortzi talde aritu zirela azaldu zuen lau urtez errepideak eta gotorlekuak eraikitzen: Aritxulegin, Pikoketan, Jaizkibelen, Lezon, Gaintxurizketan, Arkalenen, Erlaitzen, Errenterian eta Pasaian. “Euskal Herria oso polita da mendi ibilbideak oso politak dira, baina jendeak ez daki odolez egindako errepide batzuk zapaltzen ari dela. Hori gure historia da eta jakin egin behar dugu”.