Zapatuko Txistu Alardeko errepertorioa Egiaren lanekin osatuko dute
90 musikari eta dantzarik parte hartuko dute zapatuan 20:00etatik aurrera Artza frontoian egingo den alardean. Talde gonbidatua Bermeoko Abesbatza izango dela jakinarazi duteXVI. Txistu Alardea egingo dute zapatuan, 20:00etan hasita, Artza frontoian. ...
90 musikari eta dantzarik parte hartuko dute zapatuan 20:00etatik aurrera Artza frontoian egingo den alardean. Talde gonbidatua Bermeoko Abesbatza izango dela jakinarazi dute
XVI. Txistu Alardea egingo dute zapatuan, 20:00etan hasita, Artza frontoian. Jose Antonio Egia musikariaren jaiotzaren 100. urteurrena ospatzen ari dira aurten, eta horregatik, Txistu Alardearen errepertorioa bere lanekin osatuta egongo da. Bestalde, Aurtengo gonbidatua Bermeoko Abesbatza izango dela jakinarazi dute.Antolatzaileek adierazi dutenez, 90 musikari eta dantzarik parte hartuko dute Iban Ibarretxeren zuzendaritzapean. Musika eskolako txistulari, bateria eta baxu elektrikoez gain, Bizkaiko Txistulariak, Ondarroako Metal Taldea, herriko txalapartari eta zantzulariak, Bermeoko Line dance taldea, Alkartasuna Dantza Taldea, Bermeoko Erraldoien Konpartsa eta Mundaka eta Erriko lagunak taldeko txistulari ohiak igoko dira oholtzara, bai eta ere aurtengo talde gonbidatu Bermeoko Abesbatza.
Bermeon egon diren konpositoreak berreskuratzen saiatzen dira urtero, eta, aurten, herrian egin zuen lanagatik, eta jaio zenaren 100 urteurren ospakizunei jarraipena emanez, alardean ere Jose Antonio Egia gogoan izan gura dute, «merezi duelako». Hala, bere hamahiru obra interpretatuko dituzte, guztiak Iban Ibarretxe alardea zuzenduko duen musika eskolako txistu irakasleak moldaturikoak.
Lau abestiren estreinaldia
Errepertorioari dagokienez, Ibarretxek azaldu duenez, lau abesti lehen aldiz entzungo dira zapatuko alardean. Marcha Triunfal organorako idatzitako pieza dantzatuko dute erraldoiek; 1942. urtean egindako euskaratutako Bermeoko testu zahar bat irakurri bitartean, Recuerdo del caserio entzungo da; Juan de Dios izango da hirugarren abestia. Azken hori, txalapartarien laguntzagaz, Alkartasuna Dantza Taldekoek agurra egin dezaten moldatu dute. Bestalde, Gracia y salero pasodoblea ere joko dute; Line Dance taldekoek dantzatuko dute, gainera. Erriko lagunak taldeko txistulari ohiek joko duten Egiaren Erroxape kalejira ere entzuteko aukera izango dute, besteak beste, gerturatzen direnek.
Bermeoko kultura zinegotzi Aingeru Astuik herritar guztiak gonbidatu ditu alardera, «musikagaz eta dantzagaz gozatzeko aukera egongo delako»
Ekitaldi gehiago
Ikasturte amaiera dela eta, kontzertu ugari eskaintzen ari dira musika eskolako ikasleak. Gaur, musika eskolaren 25. urteurreneko jaia dute. Bihar, berriz, ikasleek udalaren zaharren egoitzan kontzertua eskainiko dute, 17:30ean. Toki horretan, baina ekainaren 20an, haize taldeak egoitzako lorategian kontzertua eskainiko du, 18:00etan. Ordu eta toki berean, ekainaren 22an, Arrekatxutxa triki-pandero taldea arduratuko da egoitza girotzeaz. Horrez gain, Egoitz Alai zaharren egoitzara ere joango da korua, etzi, 18:00etan.
Azkenik, Bermeoko Arrantzaleen Museoaren Museunmusika programaren baitan, bihar, 19:30ean, Arrantzaleen Museoan kontzertua eskainiko dute ikasleek. Ekainaren 20an, berriz, elkartrukea egingo dute; Zornotzako eta Bermeoko biolin ikasleak batuko dira Springs strings kontzertua eskaintzeko.