Uztailaren 5etik 9ra bitartean klowna, zirkua, erorketak, esku-hartze espazialak, performance, inprobisazioa, dantza garaikidea, akrobaziak, musika, piroteknia, dantza bertikala eta askoz gehiagok eskainiko ditu Lekeitioko 28. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak. Lekeitioko kale, plaza, portu, hondartza, bai eta eliza nagusiko kanpandorrea ere izango dira, besteak beste, era guztietako kale ikuskizunen agertoki.
Agertoki horietako bat erabili dute gaur [ekainak 14] ere Kalekaren 28. jaialdia aurkezteko. Emanaldien aurrerapen gisa Mr Pichichiren antzezlana ikusteko aukera egon da, eta aurtengo jaialdiaren nondik norakoak aurkeztu dituzte ondoren, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sus tapen Zuzendariak, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak eta Maider Illana Kalekaren kudeatze taldeko zuzendariak. Mertxe Arrizubieta Lekeitioko Kultura Zinegotziak eta Roberto Ferro Phil Otajole konpainiako kideak ere parte hartu dute aurkezpenean.
Kalekaren programa ofizialagaz gain, beste sekzio berri bi sortu dituztela azaldu du Lekeitioko alkateak. «Kaleka Scrach, esperimentazioan dauden ikuskizunak jendeari erakutsiko zaizkio euren erreakzioa ikusteko, eta Kalekaz Blai, urtean zehar egiten diren ekintzak».
Andoni Iturbe: “Jakin badakigu Lekeitiok baliabide natural ugari dituela, baina guk beste balore bat ere kontutan hartzen dugu: kultura. Kultura ez da gastu bat baizik eta inbertsio bat”
Kale antzerki jaialdi honek iaz hausnarketa prozesu bat izan zuen eta horren ondorioa aurten ikusiko dugun eredua izango dela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapen Zuzendariak. Eredu berriak kultura askoz gehiago gizarteratzen eta kaleratzen duela azpimarratu du Atorrasagastik, eta sentsu horretan, bat egiten duela esan du, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailetik bultzatzen ari diren politikekin. «Horregaitik aurten ere, jaialdiaren aldeko apostua egin dugu eta diru laguntza emateko esfortsu bat egin dugu, egonkortzeko horrelako jaialdi garrantzitsu bat».
Kultura gastu bat barik inbertsio bat dela esan du, bestalde, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak. «Jakin badakigu Lekeitiok baliabide natural ugari dituela, baina guk beste balore bat ere kontutan hartzen dugu: kultura. Kultura ez da gastu bat baizik eta inbertsio bat eta guretzako kultura balore publikoa ere bada».
Lekeitioko Udala eta antolakuntza ere zoriondu ditu Iturbek 28 urtetan horrelako proiektu bat aurrera eraman duelako. «Badakigu gure sektorean ekonomia aldetik ez gabiltzala oso zabal eta nik zorionak eman nahi dizkiot udalari eta antolatzaileei. Ez galdu daukagun kultur balorea, beste baloreak bertan badaude baina balore publikoa guk ekartzen diogu herri honi kulturaren bitartez, eta horrela jarraitzera animatzen dugu Lekeitioko Udala».
Kaleka 28. Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia aurkezpena.
25 konpainia. Maider Illanak eman ditu aurtengo jaialdia osatuko duten hiru sekzio ezberdinei buruzko xehetasun guztiak. Azaldu duenez, aurten 25 kolektibo eta konpainiak hartuko dute parte nazioarteko kale antzerki jaialdiaren programa ofizialean. Euskal Herritik, Kataluniatik, Alacantetik, Valentziatik, Andaluziatik, Leon Gaztelatik, Eskoziatik, Frantziatik, Ipar Irlandatik eta Kroaziatik datozenak.
Horrez gain, 28. jaialdiak espazio publikoa topaketa eta parte hartze kolektiborako aukera bat bezala proposatzen du. Horrela, uztailean sorkuntzaren eremuko lau kolektibo profesionalek adin guztietarako ekintzak proposatuko dituzte: Txikiarkt-ek hiri arkitekturan esku hartzera gonbidatuko ditu umeak jokoen bitartez; Ciclalab-ek Basurama Kolektiboagaz hasitako ekintzei jarraipena emango die, eta Johnny Melvillek arte eszenikoetan profesionalak direnentzako tailerra emango du.
Kaleka Scrach atal berriaren baitan, berriz, garatzen dauden formatu ezberdineko bost lan aurkeratu dituzte: Bridging The Silence instalazio interaktiboa, Ehkie taldearen Karabana Norte dantza inprobisatuko erakustaldia, Teatro Reformaren Tomando Medidas kale antzerki ibiltaria, The Funes Troup taldearen Mini eta Compañia Calor taldearen Martirio y Adela mikro-teatro lagina eta Lekeitioko Muntu antzerki amateur taldearen ikuskizuna.
Mr Pichichi ikuskizuna antzezpena egon da gaur goizean.
Kalekaz Blai Jaialdiaren hirugarren atalak urteko ekintzen presentzia jarraia bultzatzen du. Horrela, Lekeitioko hezkuntza zentroekin lan egitea dute asmoa, Euskal Herriko bi konpainiekin batera: Phil Otajole eta Cia Tornado. Mr Pichichi ikuskizunean oinarrituta tailerrak izan dituzte ikastetxeetan, eta gaur goizean plazan egin den antzezlanean parte hartzeko aukera eduki dute ikasleek.
Arropaineko Arragua sorkuntza espazioak instalazio interaktibo soinuduna, kontzertu pedagogikoa eta dantza-zirku ikuskizuna eskainiko ditu
Kolaborazioak. Jaialdi horrek, gainera, herriko kultur elkarteekin kolaborazioak sendotzen diharduela azpimarratu zuen Illanak. Arropaineko Arragua sorkuntza espazioak instalazio interaktibo soinuduna, kontzertu pedagogikoa eta dantza-zirku ikuskizuna eskainiko ditu. Lekeitioko Musika Bandak EKHI-a taldeagaz batera inprobisazioan eta ezustekoan oinarritutako dantza eta musika jam session-a antolatuko du, eta Euskal Zine Bilera jaialdiak Kalekaz Blai sekzioaren barne ikus-entzunezko sorkuntza garaikidearekin lotutako ekintzak eskeiniko ditu.
HITZA eta Lekeitioko Udalaren arteko hitzarmena: Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAk eta Lekeitioko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute kale antzerki jaialdiaren harira. Elkarlanerako konpromiso horri esker, HITZAk eta Lekeitioko Udalak Kalekaren inguruko informazio guztia zabalduko dute, bai Interneten eta baita egunkarian ere. Behin jaialdia hasten denean, HITZAk ikuskizunak iragarri eta guztien berri emango du, egunez egun.
HONEKIN LOTUTA: 27. Kale Antzerki Jaialdiare (ARGAZKIAK+BALORAZIOA)
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.