Jendetza batu da Oletan
Zapatutik astelehenera, Pazko jaiak ospatu dituzte Oleta auzoan. Asteburuan zein azken egunean jende asko elkartu da askotariko ekintzetan. Musika, dantzak, jolasak, giza proba..., eskaintza zabala izan dute aurten ere.Aurten ere amoratarrek zein eskua...
Zapatutik astelehenera, Pazko jaiak ospatu dituzte Oleta auzoan. Asteburuan zein azken egunean jende asko elkartu da askotariko ekintzetan. Musika, dantzak, jolasak, giza proba…, eskaintza zabala izan dute aurten ere.
Aurten ere amoratarrek zein eskualdeko herritarrek ez dute hutsik egin Oletara. Zapatuan zein domekan, «jende asko» batu dela azaldu dute Oletako Jai Batzordeko kideek. «Oso ondo joan da asteburua, iazko antzera, zapatuan jende asko egon zen, bai eta domekan ere».Zapatu iluntzean tortillak prestatzen aritu ziren kuadrillak, eta zortzi tortilla aurkeztu zituzten. Ondoren, giro ederra izan zuten Guda Dantza, Hesian eta Ingo al deu taldeen kontzertuetan. Egunak argitu arte, gorputzak astintzen eta eztarriak berotzen aritu ziren Oletarako hurbildutakoak.
Domeka eguerdian, berriz, Oletako zelaian meza entzun ostean, Amorotoko Arta-Nagusi dantza taldeko kideen saioaz gozatu zuten herritarrek.
Arratsaldean plaza bete jende batu zen Mendexako eta Mendaroko neska-mutilez osaturiko taldeen arteko giza proba deman. Mendaroko taldeak irabazi zuen, 111 untzako marka lortuta. Mendexarrek, ostera, 100 untza egitea lortu zuten.
Giza proba amaitzean, zozketa egin zuten, eta Oletako Jai Batzordeko kideek adierazi dutenez, saridunek hamabost eguneko epea daukate saria jasotzeko, bestela ordezkoek izango dute sariak eskuratzeko aukera.
Bestalde, arratsaldea borobiltzeko, Itsaso eta Irune Elizgoien Etxalarko ahizpen erromerian batu ziren.
Astelehenean, berriz, Pazko jaien azken eguna ere goi-goitik ospatu zuten amorotarrek. Arratsaldean, umeek primeran pasatu zuten askotariko jolasetan, eta horren ostean, Luhartz taldearen erromeriagaz borobildu zituzten jaiak. Gizonen eta emakumeen striptease saioetan barre-algara ederrak egin zituzten, urtero legez jaiak umore onez agurtzeko.