Maiatzaren 24an Galtzuarango parean ur isurketa egon zela salatu zuen Eguzkik. Eta Bizkaiko Ur Partzuergoari isurketaren inguruko azalpenak eskatu eta gero, talde ekologistak baieztatu du Ondarroako araztegiak egin zuela isurketa.
Eguzkikoek esan dutenez, maiatzeko isurketa ez zen estreinako gertatu. “Eraiki zutenetik, araztegiak arazoak dauzka. Marea biziak daudenean, ur gazia sartzen da saneamendu sarean. Ur gazi horrek hil egiten ditu araztegiko bakteriak, eta bakteria horiek dira ur zikina garbitzen dutenak. Hori ez gertatzeko, ur gazia aparteko tankeetan gordetzen dute araztegikoek”. Baina
ur gazi gehiegi dagoenean, itsasora isuri behar izaten dute, garbitu barik. “Hori izan zen maiatzaren 24an gertatu zena”.
Horren aurrean, Ur Partzuergoari eskatu diote arazoa ahalik eta azkarren konpontzeko eta itsasora ur zikin gehiago ez isurtzeko. “Bide batez, Bizkaiko Ur Partzuergoari
eskatzen diogu euskaraz bidalitako galderak euskaraz erantzuteko. Euskaraz bizi nahi dugulako, eta gure eskubidea delako”.
Maiatzaren 24ko isurketa. Argazkia: Eguzki