Hilabete eta erdiko lanketaren ostean, Aulestiko Jai Batzordeak prest dauka San Joan jaietarako egitaraua. Eguenean,
ekainaren 22an hasiko dituzte aurten sanjoanetako ekintzak, eta lau egunez hamaika jarduera izango dira aukeran. Aurreko urteetako egitarauagaz alderatuta berritasunik egongo ez den arren, aspertzeko astirik ez dute edukiko Aulestin biltzen direnek.
Udaleko ordezkariez gain, Guraso Elkartekoek, Adinekoen Elkartekoek eta Gazte Asanbladakoek osatzen dute
Jai Batzordea, besteak beste; hartara, adin guztietara egokitutako egitaraua izatea bermatzen du Aulestik. Aurtengoa ere halakoa izango da; ume, gazte zein helduei zuzendutako ekintzez beteriko egitaraua.
Ohi duten modura, txikiak izango dira jaietako lehen eguneko protagonistak. Eskolako jaiagaz emango diote hasiera egunari, eta jolasak eta txokolate jana izango dituzte eguneko jarduerak.
Oibar Legarra: Paella jana giro onean egiten da eta “ia herri erdia” elkartzen da; alegia, 300 bat lagun.
Jaiei hasiera emateko txupina, hala ere, hurrengo egunean jaurtiko dute; San Joan bezperan, hain zuzen ere. Hala, aurten Mendi martxa elkarteak botako duela iragarri du Jai Batzordeko kide Oibar Legarrak; izan ere, urtean-urtean herriko elkarte bat arduratzen da behar horretaz, eta aurton aipatu elkartearen txanda dela azaldu du.
Txupinaren aurretik zein ostean, kirola praktikatu edo ikusteko, musikagaz gozatu zein dantzeko, herritarren konpainian bazkaltzeko, jolasteko zein lehiatzeko aukera emango du Aulestik sanjoanetan.
[EGITARAUA]
Hilaren 24an, paella jana. Jaietako jarduera arrakastatsuenak ez du hutsik egingo aurten: hilaren 24an, paella jateko bilduko dira herritarrak udaletxe azpiko arkupean. Legarrak azaldu duenez, «ia herri erdia» elkartzen da giro onean egiten den herri bazkari horretan; alegia, 300 bat lagun.
Aurrekoetan ospe handia izan duen beste jarduera bat ere izango da aurten: sobra txapelketa. Lora sorten bitartez, urteroko hitzordu horrek kolore biziz janzten du herria San Joan egunean. Aurten ere lehenengo hiru sari eta bigarrengo hiru sari banatuko dituzte. Halaber, parte hartzaileentzako loreak banatuko dituzte.
Jarduerak ez ezik, giro ona ere ekarri nahi dute San Joan jaiek, eta horretan laguntzeko, txosna jarriko dutela aurreratu du Legarrak; hala, bertaratzen direnek jateko zein edateko aukera ere edukiko dute.
[EGITARAUA]
Aulestiko Jai Batzordeak
lau eguneko jai horietan parte hartzera eta horietaz gozatzera gonbidatu nahi ditu herritarrak, «guztien artean, jai hobeak egiten direlako».
HONEKIN LOTUTA:
IAZKO JAIETAKO ARGAZKI GALERIA: