Gaur zortzi txupina jaurtita [ekainak 23], San Joan jaietan murgilduko dira bolibartarrak. Sorgin gauean lamiek, sorginek, jentilek, nekazariek, galtzagorriek eta bestelako pertsonaia mitologikoek hartuko dute herria, beste behin tradizioak eta herritarren irudimenak bat eginez.
Ohitura legez, Oiz mendiaren magaletik agertuko dira, eta
adar soinuak jakinaraziko die bertan bildutakoei horien etorrera.
Herriko plazan sorgin dantza antzezten duten bitartean, edabe magikoa dastatuko dute.
Kalejiran hurbilduko dira kanposantu ondoko zelaira, eta han suaren inguruan Akelarrean batuko dira.
[EGITARAUA]
Bestalde,
Sorgin gauagaz herrigunea magiaz bete aurretik, Ziortza Bolibarko V. Briska Txapelketa jokatzeko batuko dira frontoian.
Biharamunean, berriz, egunpasa ederrean emango dute San Joan eguna.
Herritarrak, iazko San Joan jaietan, Sorgin Gaba ospatzeko prest. Argazkia: Aranbaltz.
Bazkalordura bitartean, herriko hainbat talde eta kuadrilla paellak prestatzen egongo dira herri bazkarirako. 14:30ean izango da herri bazkaria; paellagaz batera, mihia saltsan menestragaz eta hojaldre tarta dastatuko dituzte (edaria, kafea eta kopa barne).
Bazkarirako izen ematea. Herri bazkarira joateko asmoa duten bizilagunek ekainaren 19a (astelehena) baino lehen izena eman behar dute, Kanpape eta Arkupe tabernetan.
14 urte bitarteko umeentzat 7 euroko prezioa ezarri dute, eta nagusientzat 17 eurokoa. Bazkari egunean bertan ordaindu behar dela jakitera eman dute Markola Guraso Elkarteko kideek.
[EGITARAUA]
Arratsaldean, herri olinpiadetan duten abilezia erakutsiko dute herritarrek, kuadrilletan lehiatuta.
Domekan San Joan Txiki Eguna izango dute, ume eta gaztetxoen egun handia.
Hala ere, goizean adin guztietako herritarrak batuko dira meza ostean Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldearen ekitaldiaz gozatzeko.
Halaber, dantza saioa amaituta, Getxoko Andres Isasi eta Derioko Iparralde koruetako partaideak kantu giroan herria alaitzeko ardura izango dute.
[EGITARAUA]
Arratsaldean, umeen jokoak izango dituzte, eta iluntzean, berriz,
Hozkailua antzeztuko dute
Ander Lipus markina-xemeindarrak eta
Patricia Urrutiak. Unai Iturriaga bertsolariak idatzitako eta Manex Fuchsek zuzendutako antzezlanak benetako adiskidetasuna azaleratuko duen ezinezko bilaketa baten istorioa kontatzen du, eta Euskal Herriko aretoak bete ostean, Ziortza-Bolibarren ikusteko aukera eskaini du jai batzordeak.
Domeka arratsaldean moduan, astelehen arratsaldean askotariko jolasetan ondo pasatzeko aukera izango dute udalerriko ume zein gaztetxoek.
Ondoren, jaien amaierako txupinagaz agurtuko dituzte sanjoanak.
HONEKIN LOTUTA: