“Pozik” daude Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldekoak; merezita gainera. Aurten ere, Bizkaiko Herriarteko Txapelketako finalera heltzea lortu dute, eta aurtengoa, sei urtetan jarraian jokatuko duten seigarren finala izango da. Hamar urtetan zortzi aldiz ailegatu dira finalera;
barikuan [ekainak 23] izango dute azkena,
19:00etan,
Zornotzan, Usansoloren aurka.
Bizkaiko Herriarteko finalean egongo diren pilotariak Pello Urionabarrenetxea entrenatzaileagaz. Argazkia: Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea
“Azken urteetako final gogorrena” izango dela azpimarratu du Pello Urionabarrenetxea taldeko entrenatzaileak. Zeanurigaz bezala, gakoa nagusien partidan egon daitekeela dio. Hala ere, ilusiorik ez zaie falta eta lehen finala balitz bezala aterako dira pilotari guztiak kantxara. “Talde ona dauka Usansolok, iaz guk atera genituen lehiaketatik eta aurten finalera arte ez dugu egin topo”.
Txapelketa guztian bezala,
Jon Sololuzek eta
Antxon Azpiazuk jokatuko dute kadete mailan,
Josu Agirreamalloak eta
Aimar Ibarlozak gazteetan eta
Kepa Albizuk eta
Mikel Urizarrek nagusien mailan. Urionabarrenetxeak fede handia dauka bere taldearengan eta bere ustez, urduritasunak ez die gehiago egingo. “Bost edo sei final daramate nagusiek eta lau bat gazteek, beraz, urduritasuna ez da arazoa izango. Hobeto jokatzen duenak lortuko du garaipena”.
Eguenean [ekainak 22] finalaren aurreko
piloten aukeraketa edukiko du Markina-Xemeingo taldeak Zornotzako frontoian. Bikote bakoitzak bi pilota aukeratuko dituela azaldu du entrenatzaileak. 19:00etan dute hitzordua pilotak probatu eta eskuak berotzeko.