Uhagon kulturguneak
Markina-Xemeingo I. Jazz Jaialdia antolatu du
uztailaren 6, 7, 8 eta 9rako. Jaialdia ilusio handiagaz eta pixkanaka hazten joateko asmoarekin jaio dela azaldu dute antolatzaileek. Gainera, ikutu markina-xemeindarra izango du. “Lehenengo edizio hau Karmen jaien bezperetan ospatuko da eta herriko ikutua eman nahi izan diogu, bai parte hartzaileen aldetik (Pablo Fdez. Arrieta eta Haizea Martiartu, markina-xemeindarrak dira) baita kartelaren diseinuan ere”.

Jaialdiaren helburu nagusiak musikarenganako
interesa susatzea eta jazza hiriburuetako zirkuituetatik herrietara gerturatzea direla azaldu dute antolatzaileek. Horregaz gainera, kalitatezko jaialdi bat antolatzea, jazz musika publikoari hurbiltzea, interes musikal eta artistikoa duten pertsonei musikari profesionalekin bertatik bertara lan egiteko aukera ematea, eta azkenik, Uhagon Kulturgunea eta Markina-Xemein ezagutzera ematea nahi dute.
Emanaldi guztiak, uztailaren 9koa izan ezik,
Uhagon kulturguneko terrazan izango direla zehaztu dute antolatzaileek, guztiak
doan. Eguraldi txarra balego, berriz, kontzertuak kulturgune barruan izango lirateke. Bestalde, uztailaren 9ko emanaldia, Arkupe aurrean hasiko da eta alde zaharreko kaleetan zehar ibiliko dira musikariak.
Lau emanaldi eta
masterclass berezi bat eskainiko ditu bere lehen urtean Markina-Xemeingo jaialdiak. Victor de Diego Trioren eskutik dator ikastaroa, eta hori ere doanekoa izango da. Parte hartzeko, hala ere, izena eman behar da aldez aurretik 94- 616 63 03 telefono zenbakira deituta edo
kulturgunea@uhagon.com helbide elektronikora idatzita.
Horrez gain, Charlotte Gerard irakasleagaz
Lindy Hop dantza klase irekia ere egongo dela aurreratu dute antolatzaileek, eta ondoren, Swing-Lindy jaia Bilbao Lindy Band taldearekin.
EGITARAUA
- Uztailak 6, eguena, 20:30: Pablo Fdez. Arrieta Trio & Carme Canela
- Uztailak 7, barikua, 20:30: Victor de Diego Organ Trio
- Uztailak 8, zapatua, 11:00: Masterclass Victor de Diego Triorekin
20:00: Bilbao Lindy Band musika eta dantza.
- Uztailak 9, domeka, 13:00: Haizea Martiartu & The Dixie Monsters