Ispasterko Eskolak, Guraso Elkarteak eta Bizi Nagusien Elkarteak belaunaldien arteko transmisioari loturiko proiektua garatu dute ikasturte honetan. Hiruhileko bakoitzean ekintza bana egin dute, eta azken hiruhilekoan sendabelarrak batu eta haiekin krema naturalak egitea izan dute helburu.
Maiatzaren 30ean batu zituzten
sendabelar mota desberdinak, eta ekainaren 1ean krema egin zuten. “Irakasle, guraso eta umeek poto bana dugu. Batik bat, zauriak eta eguzkiak zein suak sorturiko erredurak osatzeko balio du kremak, eta baita soriasis edo alerjiaaren bat dutenentzat ere”, azaldu du Ainhoa Elordi Ispasterko Eskolako irakasleak.

Maiatzaren 30ean batu zituzten sendabelarrak.
Argazkia: Ispasterko Eskola.
Mailaka banatuta ibili ziren sendabelarrak batzen. Zainbelarra, sugebelarra, uzkaobelarra, erromeroa, intxusa-adarra, iodobelarra, mermenbelarra, pasmobelarra eta zaingorrria batu zituzten.
Batu ondoren, pausos pauso krema zelan egiten den ikasi zuten. Lehenengo, belarrak, xaboia, kipula erdi bat eta berakatz bat oliba oliotan poliki-poliki egosten izan zituzten hiru ordu laurdenez. Jarraian, irazgailutik pasatu eta trapu zuri batean iragazi zuten, garbi geratu arte. Azkenik, argizala gehitu eta hozten utzi zuten.
Hirugarren hiruhileko proiektu honetan
Mari Karmen Zatikaren laguntza izan dute. Eskolako bi umeren amona da, eta urte askota daramatza sendabelarrekin kremak egiten. “Ikasturte honetako azken proiektu honekin sendabelarrak erabilitz antzina krema naturalak zelan egiten ziren ikasi dute umeek”.
Elordiren berbetan, umeei zein irakasleei asko gustatu zitzaien ekintza, eta ikasturte honetako proiektuaren balorazio oso positiboa egin du: “Sendabelarrak ezagutzea eta erabiltzea asko gustatu zitzaigun. Gainera, umeek ikusi eta ikasi dute dena erosi beharrean, norberak ere egin ditzakeela halako gauzak. Aurten asko ikasi dugu; nagusiengandik gauza asko ikasi ditugu”. Umeei gauza berriak ikasteko “gogoa piztu” dietela-eta pozi daude, eta nagusiengandik ikasteko gauza asko dituztela nabarmendu du.

Umeak batutako sendabelarrekin.
Jarraipena. Ikasturtea amaitzear dago, eta hurrengo ikasturtean ere proiektua lantzen jarraituko dute adierazi dute.”Jarraitzeko asmo argia dugu guztiok, eta hurrengo ikasturtea hasten denean berriro batuko gara eta orduan zehaztuko ditugu ekintzak”.
Transmisioa helduengandik umeengana, eta umeengandik nagusiengana ere burutu gura dute, eta horretarako, besteak beste, teknologia berriak erabiltzen erakutsiko diete eskolako ikasleek Bizi Hirugarren Adinekoen Elkarteko kideei.
Proiektuagaz pozik daude denak, eta transmisioa bultzatuz
harremanak indartu dituzte. Egitasmo aberatsa izan dela nabarmendu dute guztiek.