Gure Balioak Sarirako hautagaiak proposatzeko epea zabaldu du Debegesak
Sariaren helburua, Debabarrena eskualdean giza balioen sustapenean nabarmendu den pertsona edo erakundeen jarduna publikoki aitortzea da. Integritatea, errespetua, ekintzailetza eta elkarlana dira sari honen bitartez goraipatu nahi diren balioak.
Debabarreneko biztanle guztiek daukate hautagaia proposatzeko aukera, eta baita erakunde, enpresa edo taldeek ere. Baldintza bakarra, proposatutako hautagaiak Debabarrenean jaioak izatea edota euren ibilbidea eskualdean garatu izana dira. 2010ean hasi ziren sari hauek banatzen, eta aurtengoa zortzigarren aldia izango da.
Hautagaiak aurkezteko, debegesa.eus webgunean dagoen orria bete eta balioak@debegesa.eus helbidera bidali behar da.
Epaimahaia, unibertsitate, enpresa, kultura eta gizarte arloetako bederatzi lagunek osatuko dute, eta beraien ardura izango da herritarrek proposatutako hautagaien artean bat aukeratzea. Saria irabazten duenak, Juan Luis Collet artistak bereziki sariketa honetarako egindako garaikurra jasoko du.