Sarai Montes: "Jendeak gero eta gehiago daki transexualitateari buruz, baina oraindik asko falta da"
Ondarroako Uxu emakumeen taldeak antolatuta, Transexualitatea: badaude zakila duten neskatoak eta alua duten mutikoak hitzaldia egongo da martitzenean [ekainak 27], 19:00etan, Ondarroako Etxelilan. Hitzaldia Sarai Montes eta Ares Piñeiro Errezpetuz elkarteko lehendakariak eta sexologo eta idazkariak eskainiko dute.
Hizlariek azaldu dutenez, transexualitateari buruz duela urte batzuk baino gehiago hitz egiten da gaur egun. «Eta nahiz eta herritarrek orain gaiaren inguruan gehiago jakin, oraindik asko dago egiteko». Halaber, hitzaldian pertsona transexual batek eduki dituen esperientziak partekatuko dituztela aurreratu dute.
Hilabeteak atzerago Hazte oir-en kanpaina dela eta sortutako zalapartak eragin egin diela esan dute. «Denboraldi bat eduki genuen non hitzaldiak eskaintzeko dei gehiago egiten zizkiguten». Kanpaina harek umeak erdigunean hartu zituelako sortu zuela zalaparta diote. «Kanpaina harek umeak ikutu zituen, eta hori izan jendea astoratzeko klabea. Baina egoera guztiz aldatzen da adinez nagusi diren transexualei dagokienean».
«Egoera asko hobetu da». Gizartea ezin dela egun batetik bestera aldatu diote. «Dena dela, egoera asko hobetu da. Gaiaren inguruan gehiago berba egiten da, eta komunikabideetan ere beste modu batera lantzen da gaia. Lehen folklorearekin lotzen zen transexualitatea; estereotipo asko zeuden, eta oraindik badauden arren, gutxitzen doaz».