San Joan Eguna kolore bizi, usain goxo eta erakustaldiz gainezka etorri da
[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Bien bitartean, paellak prestatzen aridu dira kuadrillak, nork bere lokalean edota elizako atari eta inguruetan: 11:00etarako hasi dira prestaketetan goiztiarrenak. Giro ederrean prestatu dute ondoren herri bazkarian dastatzeko jatekoa. 29. Ipuin Topaketaren sari banaketa ekitaldia ere egin da, eta zozketarik ez da falta izan. Euskal preso eta iheslariak gogoan izanda, zozketa txartelak eskuratu ahal izan dituzte plazan elkartutakoek. Zenbaki saritua 5288 zenbakia izan da, eta ordezkoa 5275. Txistu doinuek girotu dute goiz partea Ziortza-Bolibarren. Mezatan bildu diren askok gaurko propio prestatutako sobrak eraman dituzte eurekin, herriari kolorea emanez. Etxeetako balkoi batzuetan ere ez dira falta izan, antzinako usadioari jarraituz. Bien bitartean, bost paella eder prestatzen aritu dira herriko taldeak frontoian. 13:45erako prest zeuden guztiak. 150 lagun elkartu dira frontoian paella janagaz gozatzeko. Eta bazkalostea girotzeko, herri olinpiadak egin dituzte plazan: abestiak taldeka, txapel jaurtiketa…[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Auzoetako jaiak. Amallon, gazteen arteko herri kirol eta aulki dantzagaz gozatu dute mezaren ostean. Herri bazkaria, umeen jolasak eta zaldi eta idi probak eduki dituze aukeran arratsaldean, eta gauean Anariren kontzertuan bilduko dira. Joxparen erromeriak itxiko du San Joan Eguneko egitaraua. Ondarroako Gorozika auzoan, Amets Arzallus eta Anjel Mari Peñagarikanoren bertso saio umoretsua izan dute goiz partean, eta arratsaldean, txikien gozamenerako, Irrien Lagunak izan dira auzoan; aurpegiak margotuta ala margotu barik, Martin Bertso eta Tiritatxogaz jolasean aritu dira txikienak. Binakako Urrezko Aizkora errebentxan bildu dira, berriz, Aitzol Atutxa-Ugaitz Mugertza/Xabier Orbegozo eta Joseba Otaegi. Iñaxio Perurenaren erakustaldia izan da desafio artean. Ibiriren animaliekin agurtu dute eguna.