Eneko Arruza Ispasterren bizi den lekeitiarrak eta udalerrian Kabana estudioa daukan
Carlos Baudi margolariak egindako obrak udalerriko esentzia jasotzen du.
Artelanak “guneari harrera” ematen diola zehaztu du Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak. “Margolan zehatz edo soil bat izan beharrean, jendeari geratzeko, pentsatzeko eta hausnarketarako momentua ematen edo gonbita egiten dio”.
Udal ordezkariek
domeka eguerdian egin zuten Kultur Etxearen
inaugurazioa. Herritarrekin batera, eraikinaren kanpoaldean dagoen artelanaren egileak bertan egon ziren, eta aurreskua dantzatzeagaz batera, Arantza Kintana lekeitiarrak irrintzia bota zuen, artelanean islatu duten irrintzia irudikatuz.
Egileek azaldu zutenez, “herritarren aniztasuna eta herriko bizitza” jasotzen ditu lanak, ume baten zirriborro bat bailitzan “esentzia abstraktua” da. Askotariko marren eta koloreen artean musika kultura eta artistikoa erakusten ditu, irrintzi baten deiadarraren bitartez.
Kultur Etxeko artelana, artistek “mimoz eta maitasunez” egin dutela azpimarratu du udalerriko alkateak, biek ala biek herria eta ispastertarrak zelakoak diren ezagutzen dutela nabari da. Kultura eta Ispasterko esentzia batu dituzte obran. “Herriagaz duten lotura igartzen da. Ideia bat helarazi genien eta ikusten da ideia hori lantzen aritu direla. Herriko esentzia oso ondo islatu dute, bai eta esentzia horretan dauden osagaiak ere”.
Arruza eta Baudi obraren egileak inaugurazio ekitaldian azalpenak ematen.
Argazkia: Ispasterko Udala.
Herritar asko batu ziren inaugurazio ekitaldian, eta emaitzagaz pozik eta gustura daude bizilagunak.
Hiru solairuko eraikina. Kultur Etxea hiru gunetan banatuta dago. Beheko solairua
gazteentzako gunea izango da. Irailetik aurrera, DBH eta Batxillergoko ikasle diren adin tarteetako neska-mutilak batzeko gunea izango da.
Erroldatutako gazteei gutun bana bidali zieten udaletik, eta haiekin gunearen funtzionamenduari buruzko hiru bilera egin ostean, gazteek eurek egin dute arautegia. “Guzti horren laburpena gurasoei bidaliko diegu jakinaren gainean egon daitezen”, azaldu du Saenz de Buruagak.
Lehenengo solairuan
liburutegia eta KZgunea daude. Orain arte liburutegirik ez dute izan, eta KZgunea udaletxeko goiko solairuan egon da. Aurrerantzean KZgunera herritar gehiago hurbiltzea, eta zerbitzuak eskaintzen dituen ikastaroetan parte hartzera animatzea espero dute udal ordezkariek.
Goiko solairuan, berriz,
erabilera anitzeko gela dago, hitzaldietarako edota unean uneko ekitaldi edo ekimenetarako. “Iñigo Egiluz aretoa badugu eta han ekitaldi asko egiten dira, baina erabilera anitzeko gelak momentuan sortu litezkeen ekitaldi edo ekintzetarako balioko digu”.
Kultur Etxea
inbertsio garrantzitsua dela nabarmendu du Ispasterko alkateak. “Guztiz garrantzitsua da halako espazio bat egotea. Gero eta ume gehiago daude eskolan, ia 70 ume daude eta haiek lanak egiteko edota kontsultak egiteko gune baten beharra dute”.
175.000 euro inguruko inbertsioa egin dute, eta bi fasetan burutu dituzten lanetarako Bizkaiko Foru Aldundiaren (Azpiegitura Sailetik) eta Eusko Jaurlaritzaren (Erein programatik) diru laguntzak jaso ditu udalak.
Epe zehatzik ez dute zehaztu baina liburutegia eta KZgunea laster izango dira herritarrek erabiltzeko prest; udan zabaltzea aurreikusten dute. “Hornikuntza falta zaigu, atondu egin behar dugu. Orain liburutegien sarean sartzeko tramiteak egiten ari gara”.