Xisterak jaialdi handiagaz amaitu zuen 2016ko zirkuitua Markina-Xemeinen, eta bertan ekingo dio 2017koari ere. Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitateak hartuko du aurten Avia Xistera Zirkuitoa izena hartu duen zirkuituko lehen txapelketa.
Barikuan [ekainak 30],
19:00etan, txapelketako sailkatze kinielak jokatuko dira bi mailatan: kadete eta jubenilak, batetik, eta 22 urtez azpikoak eta senior mailakoak, bestetik.
Finalak, berriz,
zapatuan [uztailak 1] izango dira,
18:00etan.
2016ko Xistera Zirkuituko Finalak Markina-Xemeinen.
Xisterako finalak, baina, ez dira asteburu honetan Markina-Xemeinen zesta-puntagaz loturiko ekimen bakarrak izango. Xisterak eta Zesta Puntaren Lagunak taldeak antolatuta, beste hainbat ekimen egongo dira zesta-puntaren jaialdi izatea nahi duten asteburu honetan.
Zapatuan, 11:00etan, Agustin LarraƱagak hitzaldi-elkarrizketa eskainiko du Kultur aretoan. Gaztetxotan pilotari izandako markina-xemeindarrak hainbat puntisten biografiak idatzi ditu, eta horrek zesta puntaren ezagutza zabala eman dio. “Hainbat pasarte izango ditu hizpide eskainiko duen hitzaldian”, aurreratu dute antolatzaileek. Horrez gain, 1950-1960 urteetako argazki erakusketa egongo da ikusgai udal pilotalekuan, eta ondoren, pilota erakustaldia eskainiko dute gazteek.
Markina-Xemeingo eta inguruko pilotari eta zaleei, gazte, heldu zein nagusiei, zesta-puntari bultzada eman eta Uni-ra joateko deia egiten diete antolatzaileek.