Eneko Aburruza bermeotarrak British Open txapelketa irabazi du
Eneko Aburruza bermeotarrak Ingalaterran lehiatutako British Open txapelketa irabazi zuen aurreko asteburuan, jiu jitsu modalitateko 60 kiloko kategorian.Judo Klub Bermeoko kideek azaldu dutenez, txapelketa «oso garrantzitsua» da. «Ingalaterra guzti...
Judo Klub Bermeoko kideek azaldu dutenez, txapelketa «oso garrantzitsua» da. «Ingalaterra guztitik joandako kirolariak egon ziren Londresen. Eneko denboraldi batez egon da han, eta hango gimnasio batean entrenatzen zegoela esan zioten ea parte hartu gura zuen, eta bere kategoriako onena izan da. Oso ona da, eta hemen zein Espainia mailan ere oso emaitza onak lortu ditu».
Emaitza onak
Era berean, Judo Klub Bermeoko kirolariak modalitate desberdinetan aurten zein aurreko denboraldietan emaitza onak lortzen ari direla nabarmendu dute klubeko ordezkariek.
Esate baterako, Mikel Orbe bigarren sailkatu zen judoko 120 kiloko Espainiako Txapelketan, beterano mailan. Aipatu txapelketa Salamancan lehitu zuten orain dela bi aste.
Orbe urrian Sardinian jokatuko den Munduko Txapelketara sailkatuta dago.
Mikel Marinek ere urte guztian egindako lanaren sariak jaso ditu denboraldi amaieran. Hain zuzen, judon Bizkaiko Txapeldun izatea lortu, eta Euskadiko Txapelketan hirugarren sailkatu zen, brontzezko domina eskuratuz. Halaber, Espainiako Txapelketan hirugarren geratu zen jiu jitsu modalitatean
Bestalde, entrenatzen denbora gutxiago daramatenak ere emaitza onak lortzen hasi direla nabarmendu dute. Esaterako, Ander Abaroak bi urte daramatza klubean, eta aurten hasi da txapelketetan parte hartzen, eta Bizkaiko Txapelketan hirugarren egin zuen kadete mailan.