2017ko Avia Xistera Zirkuituko lehen finala jokatu da asteburuan Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitatean. Nagusien mailan
Julen Iriondo Berriatuko eskolako pilotariak eta
Jon Ibarluzea Markina-Xemeingo atzelariak osatutako bikoteak lortu du garaipena,
Telmo Manterola eta Mikel Manzisidor hirugarren set erabakiorrean menderatu eta gero. Gazte mailan, berriz,
Alex Goitiandia markina-xemeindarra
eta Jon Ruiz Berriatuko eskolako pilotaria izan dira nagusi.
Xistera zirkuituko finala Markina-Xemeinen.
Partida parekatua izan zen hasieratik nagusien mailakoa, eta Markina-Xemeingo frontoian batu ziren zaleek gogotik gozatzeko aukera izan zuten. Lehenengo jokoan, urdinak izan ziren nagusi. Partidako lehen tantoa Iriondok lortu zuen arren, berehala jarri ziren aurretik urdinak, eta lasaitasun gehiagogaz jokatzeko aukera izan zuten. Aurretik joatea lehen seta lortzeko aukera eman zien.
Bigarren setean, gorriek lortu zuten aurretik ipintzea hasieratik, eta apurka-apurka aldeak handitzen joan ziren. Set bana esku artean, hirugarren seta izan zen erabakiorra garaipena lortzeko.
Hirugarren set erabakiorrean, urdinek lortu zuten lehen tantoa, baina Ibarluzeak eta Iriondok ez zuten etsi, eta Manterola eta Manzisidorren akatsez baliatu ziren bost tantoak egin eta Avia Zirkuituko lehen garaipena lortzeko.
Gazteak. Azken setean erabaki zen baita
Alex Goitiandia eta Jon Ruiz -en garaipena ere. Partidaren hasieran Alex Goitiandia, etxeko pilotaria, gustura aritu zen frontoiko lehen koadroetan, eta Ruizen atzeko laguntzagaz, markagailuan aurrea hartzea lortu zuten urdinek. Apurka-apurka, jokoan sartzen hasi ziren
Zuhaitz Arrillaga mutrikuarra
eta Gorka Segurola zumaiarra, baina, ezin izan zituzten urdinak harrapatu.
Gauzak alderantziz joan ziren bigarren setean, eta alde handiagaz lortu zuten garaipena gorriek. Hala ere, hirugarren setean urdinek kantxara atera zuten berriro joko ona eta Avia Xistera Zirkuituko lehen finala irabazi zuten.
Hitzaldia. Xisterako finalak, baina, ez dira asteburu honetan Markina-Xemeinen zesta-puntagaz loturiko ekimen bakarrak izan. Xisterak eta Zesta Puntaren Lagunak taldeak antolatuta, beste hainbat ekimen egon dira,
Agustin LarraƱagaren hitzaldi-elkarrizketa, besteak beste. LarraƱagak hainbat puntistei buruzko biografiak idatzi ditu, eta horiei buruzko pasarteak kontatu zituen zapatu goizean, Kultur aretoan egindako ekitaldian.