Pablo Fdez. Arrietaren kontzertuagaz hasiko da Markina-Xemeingo I. Jazz jaialdia

Markina-Xemeingo I. Jazz jaialdiaren aurkezpena. Tere Bringas eta Aintzane Gandiaga Uhagon kulturguneko arduradunak eta Pablo Fdez. Arrieta musikaria kulturguneko berdegunean.
“Jazzaren munduan bestalde, emakume abeslari garrantzitsuak egon dira eta hori ere gogoan eduki dugu”.Jazz estilo ezberdinak. Jazz mundua gizonezkoei alde batetik, eta instrumentuei, bestetik oso lotua dagoela ere ikusten zuten Uhagon kulturgunekoek, eta beraz, emakumeen presentzia indartu eta abeslari bat ekartzeari bide eman diote. “Zapatuan egongo den Bilbao Lindy Band-en kontzertuan Elsa Lizundia saxofoi jotzailea ere badago eta Haizea Martiartu ere bai. Jazzaren munduan bestalde, emakume abeslari garrantzitsuak egon dira eta hori ere gogoan eduki dugu”, azaldu dute. Egitarau aldetik instrumento eta estilo ezberdinak barneratzen ahalegindu dira. “Victor de Diegok kontzertua eskainiko du barikuan [uztailak 7] eta zapatuan [uztailak 8] masterclass bat emango dute nahi duen guztiarentzat; musika ikasle, irakasle edo interesa duen edonorentzat”. Doanik izango da, 11:00etan hasita, pare bat orduz. “Hiru musikoak doinu ezberdinak jo eta komentatu egingo dituzte, besteak beste”. Zapatu iluntzean dantza ikastaro bat eta kontzertu, dantza eta jaia batuko dituen emanaldia egongo dela aurreratu dute antolatzaileek. “Lindy Hop swing estiloko dantza oso modan dago hiri handietan eta bertara ekarriko dugu Charlotte Gerard irakaslearen eskutik”. Oinarrizko pausoak ikasi eta gero, Bilbao Lindy Band-ek joko du. New Orleans estiloan. Domekakoa [uztailak 9], berriz, dixia izango dela aitatu dute. “Kalez kale ibiliko dira Haizea Martiartu eta The Dixie Monsters taldekoak. Oso musika alaia joko dute, New Orleans-eko musika”. Kulturguneko berdeguneko zedro azpian jarriko dute oholtza, eta kontzertuak 20:30ean hasiko dira, domekakoa ezik. 13:00etan hasiko da kalejira, Arkupean. Eskerrak emanez amaitu dute gaurko aurkezpena Uhagoneko kideek. “Eskerrak nahi dizkiegu Markina-Xemeingo Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Kutxabank, Kris ileapaindegia eta San Miguel garagardoei, eurek barik jaialdi hau aurrera ateratzea ezinezkoa izango litzatekeelako”. EGITARAUA
- EGUENA [Uztailak 6], 20:30: Pablo Fdez. Arrieta Trio & Carme Canela: Pablo Fdez. Arrieta gitarra, David Mengual kontrabaxua, Carlos Sagi bateria eta Carme Canela ahotsa. Laukote hau, jaialdi honetarako elkartu da bereziki.
- BARIKUA [Uztailak 7], 20:30: Victor de Diego Organ Trio: Victor De Diego saxo, tenore eta sopranoa, Abel Boquera organoa eta Carlos Falanga bateria.
- ZAPATUA [uztailak 8], 11:00: Masterclass Victor de Diego Triorekin 20:00: Bilbao Lindy Band musika eta dantza. Lindy Hop dantza klase irekia Charlotte Gerad irakasleagaz, eta ondoren, Bilbao Lindy Band: Carla Sevilla ahotsa, Elsa Lizundia saxo tenorea, Mikel Nuñez pianoa, Mikel Azkargorta baxua eta Carlos Sagi bateria.
- DOMEKA [uztailak 9], 13:00: Haizea Martiartu & The Dixie Monsters: Haizea Martiartu saxo sopranoa, Eva Garin tronboia, Juan De Diego tronpeta, Arnau Gil banjoa, Julio Marques saxo baritonoa eta Arnau Julia perkusioa.