103 txirrindularik parte hartu dute Emakumeen I. Berritxu Sarian
Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, eta txirrindulariak ere ibilbideagaz «gustura» geratu direla gaineratu dute. Lasterketa 44 txirrindularik amaitu duteBerriatuko Txirrindulari Elkarteak antolatuta, Emakumeen I. Berritxu Saria lasterketa e...
Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, eta txirrindulariak ere ibilbideagaz «gustura» geratu direla gaineratu dute. Lasterketa 44 txirrindularik amaitu dute
Berriatuko Txirrindulari Elkarteak antolatuta, Emakumeen I. Berritxu Saria lasterketa egin zen estreinako domekan, Cikautxoren eta Berriatuko Udalaren laguntzagaz. Antolatzaileek esan dutenez, «oso lasterketa polita» izan zen. «Eguraldia aldeko eduki genuen, eta ikusleak eta parte hartzaileak ibilbideagaz oso gustura geratu ziren». 103 txirrindularik parte hartu zuten, eta 44k amaitu zuten proba.Kadeteek 43 kilometroko ibilbidea egin zuten, eta 09:30ean hasi zuten lasterketa. Guztira 37 txirrindularik hasi zuten proba, eta hamazazpik amaitu zuten. Horien artean, Garazi Estevez (Gipuzkoa Ogi Berri), Naia Amondarain (Oriako Txirrindulari Eskola) eta Amaia Lartitegi (Caf Turnkey Engineering) izan ziren podiuma egin zutenak, hurrenez hurren. Lartitegi da Bizkaiko Txapeldun berria.
11:30ean junior (29 txirrindulari), 23 urtez azpiko (23) eta elite (14) mailetako txirrindulariak atera ziren; nagusiek 75 kilometroko ibilbidea egin zuten. Lasterketa, baina, ez zuten guztiek amaitu: 3 juniorrek, 23 urtez azpiko 11k eta elite mailako 13k amaitu zuten. Sara Martin (Sopela Ugeraga) izan zen junior txapelduna. Cristina Martinez (Lointek Team) eta Eider Merino (Lointek Team) izan ziren 23 urtez azpiko eta elite mailetako txapeldunak, hurrenez hurren.
Euskaldun Torneoa
Berriatuko lasterketa, gainera, Euskaldun Torneorako baliagarria izan da. Hala, momentuz, torneo horretako liderrak ondokoak dira: Garazi Estevez (kadete), Sara Martin (junior), Alba Teruel (23 urtez azpikoak) eta Eider Merino (elite).
Berriatuko Txirrindulari Elkarteko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete lasterketa antolatzen lagundu duten herritar guztiei. Horien artean, esker bereziak eman nahi izan dizkiete Cikautxori eta Berriatuko Udalari, «beraiek barik lasterketa ezingo zen egin eta».