Eguraldia bezala, eguna igaro ahala, giroa hobetzen joan zen domekan [uztailak 2] Markina-Xemeingo San Martin auzoko jaietan. Urtero legez, San Martin kofradiak antolatuta, egun osoko jaia egon zen Martin Deunaren ermita dagoen inguru zoragarrian, ume eta nagusiak batu ziren festara.
Aita Luis Baraiazarra karmeldarrak eman zuen mezagaz hasi ziren jaiak, eta ohi duten moduan, aurreskua dantzatu zuten ondoren auzokoek eta herritarrek. Dantzak ez zuen etenik izan. Izan ere, azken urteetan bezala, dantza solte txapelketa lehiatu zen; aurten, nagusien mailakoa.
Guztira, sei bikotek hartu zuten parte norgehiagokan, denak gipuzkoarrak, eta erakustaldi dotorea eskaini zuten guztiek. Epai mahaia hiru adituk osatu zuten: Portugaleteko Ander Garitaonaindiak, Donostiako Antton Mendizabalek eta Orioko Estela Atorrasagastik. Mirari eta Aintzane trikitilariek jarri zuten doinua, eta zazpi bikoteek fandangoa eta arin-arina dantzatu behar izan zituzten.
Epaimahaiak hala erabakita, Xabier Artola (Irura) eta Idoia Besada (Pasaia) izan ziren San Martingo dantzaririk onenak, eta irabazleari dagozkien txapela, zapia eta 300 euro jaso zituzten. Bigarren egin zuten Iker Sanz lezoarrak eta Ane Urruzola villabonarrak, eta 260 euro eskuratu zituzten. Hirugarren sailkatu ziren Amets Amubietak eta Larraitz Larrañaga azpeitiarrek, berriz, 230 euro irabazi zituzten.
Idoia Besada eta Xabier Artola dantzan.
Beste hiru bikoteak ere, ez ziren etxera esku hutsik joan. Saririk eraman ez zuten arren, 110 euroko dieta eman zieten San Martin Kofradiakoek, parte hartzeagatik. Hauek izan ziren bikoteak: Irati Aranguren (Azpeitia) eta Leire Urresti (Getaria), Jon Ander Iriondo eta Maider Arrieta azpeitiarrak eta Ekain Uzkudun eta Laura Bastida azpeitiarrak.
Dantzariek dantzan egin bitartean, lanean ibili ziren batzuk, paellak prestatzen. Lau paella aurkeztu ziren San Martingo 30. Paella Txapelketara eta sari nagusia Danel Mujikak eraman zuen: Barrenetxek emandako barazki sorta ederra.
Jolasa eta jokoa. Bazkaltzeko tartea eginda, umeen jolasekin hasi ziren arratsaldeko ekimenak. Ondoren, Martinbertsorekin gozatzeko aukera izan zuten guztiek. Irrien lagunek, ikuskizun berria ekarri zuten San Martinera: Euskararen Taupadak! Eta azkenik, sabelak berotzeko txokolate goxo-goxoa ere eduki zuten.
Umeak baina, ez ziren jokoan ibili ziren bakarrak. Aurtengoan, 33. Mus eta 30. Briska Txapelketak jokatu dira auzoan, eta kartetan zenbiltzan bitartean, txokolate goxoa dasdatzeko aukera ere eduki zuten.
Jaietako zozketagaz amaitu ziren ekitaldiak, iluntzean. San Martin jaietako zozketaren zenbaki saritua 838 izan da, eta ordezkoa 566. Hilabeteko epea izango du zortedunak txartela aurkezteko.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.