Parte hartzaileek, Mutrikuko herriaren adierazgarria den margolanak aurkeztu beharko dituzte Mutrikuko Artearen Lagunak taldeak udalaren laguntzarekin antolatzen duen lehiaketara.
Lanak aurkezte teknika eta formatua libreak dira, eta baita berauek aurkezteko euskarria ere. Euskarriak, uztailaren 25ean bertan 08:00etatik 10:00etara bitartean zigilatuko dira kultur etxean, eta prestatuta eraman daitezkeen arren, inolako marrazki edo marra aztarnarik ezin izango dutela eduki nabarmendu dute antolatzaileek. Parte hartzaileek, 13:00etatik 14:30etara aurkeztu beharko dituzte euren lanak kultur etxean, euren datuan agertzen diren gutun-azal batekin batera. 15:00etan bazkaria edukiko dute parte hartzaile guztiek.
Epaimahaia. Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, epaimahaia “horretarako gai diren pertsonek” osatuko dute, eta sariak arratsaldean banatuko dituzte. Lehiaketara aurkezten diren lan guztiekin erakusketa bat antolatuko dute abuztuaren 5era arte Zabielen. Lehiaketa irabazten ez duten lan guztiak jasotzeko aukera edukiko dute parte hartzaileek, baina irabazlearen jabetza Mutrikuko Udalaren esku geratuko da.
Lehiaketa irabazten duenak 700 euroko saria eramango du; bigarren sailkatuak 400 eurokoa eta hirugarrenak 200 eurokoa. Haurren mailan, 15 urtera arteko neska mutiletan, 60 euroko sari bakar bat egongo da, margotzeko materialean gastatzeko.
Karlos Diez margolariak Mutrikuko lehiaketara aurkeztutako lan bat. Argazkia: karlosdiez.blogspot.com