Bariku goizean hasi eta domeka iluntzeraino iraungo du jaiak Ondarroako
Itsasaurre plazan. Karmen jaiak ospatzeko egitarau zabala antolatu dute,
adin guztietako jendearentzat. Aurten ere, Karmen jaiak aurreratzea erabaki dute, beste urteetan bezala Santiago jaiekin bat ez egiteko.
Urtero legez, Galiziako
produktu tipikoen salmenta, musika, umeentzako ekintzak eta jatekorik eta edatekorik ez da faltako. Galiziako
folkloreak ere bere lekua izango du jaietan, eta Laudio, Santurtzi, Bilbo eta Barakaldoko Galizia Etxeetatik etorritako gaitero eta dantzariak arituko dira Ondarroako kaleak soinuz betetzen. Zapatu gauean egin ohi duten 18 bat litroko
queimada handia ere ez da faltako.
Gaiteroak Ondarroan, iaz. Argazkia: Ondarroako Galizia Etxea
Omenaldia. Karmen eguna oraindik izan ez arren, domeka goiza aprobetxatuko dute itsasoan hildako arrantzaleei omenaldia egiteko. Parrokian ospatuko den mezaren ostean, Alde Zaharrera joango dira prozesioan. Bertan, txalupetan sartu eta Ondarroako badiaraino joango dira. Han, lore eskaintza egingo diete itsasoan galdutako guztiei. Gogorarazi dute, nahi duen guztiak txaluparen baten joateko aukera edukiko duela.
EGITARAUA:
- Uztailak 7, barikua
- 11:30. Ekintza kulturalen hasiera eta Galiziako produktuen salmenta.
- 13:15. Bermuth sesioa, Amigos del Swing hirukoaren eskutik.
- 21:00. Los Almirantes orkestraren emanaldia.
- Uztailak 8, zapatua
- 11:30. Galiziako produktuen salmenta.
- 12:00. Kalejira Laudio eta Santurtziko Galizia Etxeetako gaitero eta dantzariekin.
- 13:00. Bermuth sesioa, Amigos del Swing eta Los Almirantes taldeek girotuta.
- 21:00. Los Almirantes orkestraren emanaldia.
- 23:00. Queimada.
- Uztailak 9, domeka
- 11:30. Galiziako produktuen salmenta.
- 12:00. Kalejira Bilbo eta Barakaldoko Galizia Etxeetako gaitero eta dantzariekin.
- 12:00. Meza santua Karmengo Ama Birjinaren omenez. Ondoren, prozesioa egingo da badian eta lore eskaintza itsasoan hildakoei.
- 13:00. Bermuth sesioa, Amigos del Swing hirukoaren eskutik.
- 14.00. Hamaiketakoa agintari eta gonbidatuekin.
- 18:00. Umeentzako ekintzak.