Aurten, Lekeitioko Udalaren helburuetako bat Isuntza hondartzako dutxetako ur-kontsumoa
%5 jaistea izango da. Hondartzak, uda sasoian,
82.000 erabiltzaile inguru izaten dituela azaldu dute eta zehaztu dutenez, erabiltzaile bakoitzak
22 litro eguneko kontsumitzen ditu. Hori horrela, Isuntza hondartzako erabiltzaileei uraren erabilera egokia egin dezaten eskatu die udalak. “Gogoratu beharra dago dutxetako ura ez dela jolasteko, ezta erropak edo tresnak garbitzeko ere. Pultsazio bakoitzeko 3 litro gastatzen dira”.
Lekeitioko Isuntza hondartza.
Uraren kalitatea ona dela jakitera eman du udalak, azken 4 denboraldien emaitzetan oinarrituz. Bestalde, astero, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak itsasoko uraren azterketa egiten duela azaldu dute, “eta azterketek hondartzan bainua posible dela baieztatzen du”.
Erabilpen egokia. Isuntza hondartza Bizkaiko hondartzen kudeaketa integratuko sisteman sartu zen 2006an, eta ISO 9001 (Kalitatea) eta ISO 14001 (Ingurumenaren kudeaketa)
ziurtagiriak lortu zituen. Geroztik, urtez urte berritu dituzte, horretarako araututako prozedurak bete ostean. Nabarmendu dutenez, zerbitzuaren kalitatearen hobekuntzan eta ingurumenaren errespetuan lanean jarraitzea da Lekeitioko Udalaren helburua, “erabiltzaileen gogobetetasuna asetzen lagunduz”.
Hondartzaren erabilpen egokia bermatzeko, Lekeitioko Udalak bere erabilera arautzeko
ordenantza onartu zuen (2014/05/08ko BAOn argitaratuta). “Horrez gain, Kalitateari eta Ingurumenari buruzko Politika Integratuak hondartza modu egokian kudeatzeko oinarri orokorrak ezartzen ditu”. Biak
www.lekeitio.eus web orrian aurkitu daitezke.