Eraso sexistarik gabeko Andra Mari jaiak edukitzeko Brigada Moreak antolatuko dituzte Ondarroan

Andra Mari jaietarako herriko eragileekin eraso sexisten prebentziorako eta gertatu ezkero erantzuna emateko lanketa egingo du Ondarroako Udalak. Prebentziorako nahiz erasoen aurrean eman beharreko erantzun edo kudeaketarako beharrezkoak diren tresnak sortzeko helburuarekin Brigada Moreak egongo dira aurten. Ondarroan antolatuko diren Brigada Moreek billurrak guaz jai leloa edukiko dute, eta horiek prestatzeko batzarrak uztailaren 12an eta 19an egingo dira 17:30ean Etxelilan. Eraso sexistarik gabeko jaien alde egitea eta jai guneak leku segurua izatea dira Ondarroako Udalaren helburuak, jaian parte hartu nahi duten orok gozamenerako lekua izan dezan.
Iaz ere eraso sexistarik gabeko gunea egon zen Andra Mari jaietan. Argazkia: udalbarriak

Iaz ere eraso sexistarik gabeko gunea egon zen Andra Mari jaietan. Argazkia: udalbarriak

Bi batzarretan, eragile ezberdinekin lanketa espezifikoa egin nahi du udalak, eraso sexisten prebentziorako eta berauen erantzunerako baliabideak sortuz, herriko kolektibo, subjektu, eragile, erakunde eta orokorrean, herritar guztien inplikazioa bilatzen saiatuz. Udaletik azaldu dutenez, “jaietan gerta daitezkeen eraso sexistak prebenitu, identifikatu eta gertatuz gero erantzuteko dinamika parte hartzaile, sortzaile, aktibo eta eraginkorra sortzeko urratsak emango dira bi batzarretan”. Gaineratu dute, herritarrek gai izan behar dutela “erasoak identifikatzeko, aurre egiteko, inplikatzeko eta erasotua izan den emakumeari laguntza emateko”. Tabernariekin batzarra. Bestalde, uztailaren 11n, jaietako zati aktibo diren tabernariekin ere beste bilera bat egingo du udalak. Bertan, jaietan eraso sexistei aurre egiteko protokoloren berri emango zaie. Udalaren esanetan, garrantzitsua da erasoren bat gertatuz gero tabernariek nola jokatu behar duten jakitea eta jarraitu beharreko protokoloa garbi edukitzea. Batzar hau, uztailaren 11n izango da, 17:00etan Etxelilan. Aurreko urtean bezala, eraso sexistarik gabeko gunea egongo da Andra Mari jaietako Gazte Egunean (abuztuak 13) eta Kuadrila Egunean (abuztuak 16), 19:00etatik 22:00etara.