Itsas Salbamenduko kideek HITZA-ri azaldu diotenez, itsasoan barrura eginda ari dira bilaketa lanak egiten. “Nolabait esateko, itsasoan 30 milia barrura eginda Ondarroa eta Santoña artean ari gara bilatzen”.Aurreratu dutenez,
Plentzia iparraldean ari dira gehien bat lan egiten.
Gaur [uztailak 6], adibidez,
salbamendurako flotagailu bat aurkitu dute. “Itsas Salbamenduko egoitzara ekarri dugu, uste genuelako galdutako marinelaren ontziarena izango zela. Azkenean, baina, ez da horrela izan”. Bilaketa lanak egiten ari diren eremuan atunontziak ibiltzen direla ere gaineratu dute.
Orain artekoak. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman zuenez, Lekeitioko 57 bat urteko gizonezkoa astelehen goizaldean [uztailak 3] desagertu zen, txalupa batean itsasora atera eta gero.
Itsas Salbamenduko kideek argitu zutenez,
04:00etan itsasora ateratzeko eta 16:00etan itzultzeko ohitura zuen gizonezkoak. Eta normalean egin modura,
astelehenean ere 04:00ak aldera atera zen itsasora
Espe Primero izeneko 7 metroko ontzi txikian. Itzultzen ez zela ikusita, senide batek martitzenean [uztailak 4] eman zuen abisua.
Itsas Salbamendua, Ertzaintza eta Gurutze Gorria martitzenean [uztailak 4]
10:20ean hasi ziren desagertutako
gizonezkoaren bila. Ertzaintzak azaldu zuenez,
bilaketa lanak itsasontziz, helikopteroz eta hegazkinez ari dira egiten. Dena dela, Itsas Salbamendu taldea ari da bilaketa lanak koordinatzen. Zehaztu dutenez, Itsas Salbamenduko
Monte Gorbea eta
Alcyone ontziak,
Helimer 213 helikopeteroa eta
Sasemar 102 hegazkina ari dira bilaketa lanetan. Horiei guztiei Ertzaintzaren helikoptero bat eta lurreko patruilak eta Gurutze Gorriaren
Izaro I ontzia gehitu behar zaizkie.
Gurutze Gorriko behargin bat, prismatikoekin begiratzen.
Bilaketa eremuari dagokionez, martitzenean [uztailak 4]
Oriotik Matxitxako lurmuturrerainoko eremuan egin zuten bilaketa. Eguaztenean, ostera,
Bermeo eta Lemoiz inguruetan ibili ziren miatzen. Horrez gain, orain arte egin modura, ilundu orduko
bilaketa lanak eten egiten dituztela eta hurrengo eguneko 09:00ak aldera hasten direla argitu dute. “21:00-22:00 aldera eteten dira bilaketa lanak, eta 09:00etan hasi”, zehaztu dute.