Re-vuelcate izenburuagaz, Fibrosi kistikoaren eta minbiziaren ikerketarako dirua batzea helburu duen egitasmoa
gaur [uztailak 6] iluntzean abiatuko dute Irunen. Helburu horri jarrituz,
traktore gurpil handi bat Irundik (Gipuzkoa) Santiagoraino (Galizia) arte eramango dute herritarrek, iraulita; Iparraldeko Done Jakue bidea egingo dute. Euskal Herriko zatiaren antolakuntzaren ardura
Etxebarriko Antsotegi hotelekoek hartu dute. Eta aurreratu dutenez, gurpila zapatuan [uztailak 8] ailegatuko da Lea-Artibai eta Mutrikura;
20:00etan Markina-Xemeinera sartzea aurreikusten dute.
Ekintza burutu ahal izateko, boluntario askoren laguntza behar dela azpimarratu dute Antsotegikoek. «Egitasmo honen atzean antolakuntza lan handia dago. Eta ekintza egin ahal izateko behar diren boluntarioak ere asko dira».
Euskal Herriko zatia Irun eta Onton (Kantabria) arteko bidea izango da, eta tarte hori egiteko
130 boluntario baino gehiagok izena eman dutela aurreratu dute. «Gutxi gorabehera bi orduko txandak antolatu ditugu. Dena dela, oraindik ere boluntario gehiago behar dira. Beraz, jendea egitasmoan parte hartzera animatzen dugu», gaineratu dute Antsotegikoek.
Euskal Herriko zatiaren ibilbidea ondokoa izango da: Irun, Hondarribia, Donostia, Zarautz, Deba, Markina-Xemein, Gernika-Lumo, Bilbo, Portugalete, Pobeña eta Onton.
Boluntarioen premia. Zehatz esateko, Euskal Herriko zatia burutu ahal izateko beharrezkoa den boluntario kopuruaren %95 lotuta dutela esan dute. Beraz, ekintza solidarioan parte hartu nahi duten guztiei ongietorriak izango direla esan eta Antsotegi hotelera deitzeko eskatu diete (94-616 91 00).
Herritarrek modu askotara lagundu ahal dute: gurpilari tira eginez, diru laguntza emanez edo soilik egitasmoa elkarbanatuz
Irun eta Santiago lotzeko
800 kilometroko bidea egingo dute boluntarioek traktore gurpila irauliz. Eta bide hori guztia egiteko gurpilari
80.000 buelta eman beharko dizkiotela kontatu dute. «Gurpilari emango diogun buelta bakoitzeko ikerketetarako euro bat lortuko dugu».
Lortzen den diru guztia Oviedoko (Asturias) eta Euskal Herriko bi elkarteri bideratuko dietela aurreratu dute.
Herritarrek modu askotara lagundu ahal dute: gurpilari tira eginez, diru laguntza emanez edo soilik egitasmoa elkarbanatuz. Zuzenean
diru ekarpena egiteko, ondoko kontu korrontean sartu ahal da dirua: ES52-0182-5130-3302-0155-06-00 (BBVA). Kontu korronte horren titularra Francisco Linares Calvo da, 2016an sortu zen Re-vuelcate proiektuaren sustatzaileetako bat.
Agerraldia, gaur [uztailak 6]. Dena dela, egitasmoaren helburuak eta xehetasun guztiak azaltzeko agerraldia egingo dutela esan dute antolatzaileek. Hala, gaur iluntzean Irungo Ficoban prentsaurrekoa eskainiko dute. «Egitasmoa azaldu eta gurpilari lehen bueltak emango dizkiogu».
Gurpila bidean aurrera egiten hasten denean, ez du etenik edukiko; gau eta egun, etenik barik, biraka mantenduko dute.
Euskal Herriko zatia uztailaren 10ean amaituko da, gurpila 15:00ak aldera Ontonera ailegatzen denean.
Dena dela, bidean aurrera egiten jarraituko du, uztailaren 23an Santiagora ailegatu arte.
HONEKIN LOTUTA: