Ibon Lopez entrenatzailea fitxatu du Aurrera Kirol Elkarteak. Iazko denboraldian maila galduta, berriz ere denboraldi on bat egiteko gogoz dator Lopez, Berriatuko Futbol Taldetik.
Aurreraren deia jasota, pozik, ezta?
Bai, oso pozik. Nahiz eta azken bi urteetan elkarteagaz lanean aritu, azken urratsa falta ziztaidan, eta lehenengo taldea zuzentzea eskaini zidatenean ez nuen dudarik eduki, nahiz eta jakin oso ardura handia dela.
Nahiz eta azken denboraldian Ohorezko Mailara jaitsi, erronka polita duzu aurretik.
Aurrera entrenatzea beti da erronka polita, maila edozein izanda ere. Pena da 3. mailan ez jarraitzea, horrek asko baldintzatzen gaituelako, batez ere fitxaketak egiteko garaian. Argi eduki behar dugu Bizkaiko Ohorezko Mailak ez duela Gipuzkoakoagaz zerikusirik, eta oso liga gogorrera goazela.
Zein desberdintasun izango ditu Aurrera berri onek iazkoarekin alderatuta?
Liga amaitu zen momentuan hasi ginen lanean Mikel Aramaio kirol zuzendaria, Andoni Duarte eta Juanan Azpitarte laguntzaileak eta laurok lanean, eta egia esan, oso zaila ari da izaten plantila osatzeko lana. Alde batetik, iaz taldean zeuden jokalari gutxik hartu dute jarraitzeko konpromisoa, eta bestetik, kanpokoak ziren jokalari gehienek ez dute taldean jarraituko, arrazoi ezberdinengatik. Hemen, eskertzekoa izan da taldean urteak daramatzaten jokalari ondarrutarren erantzuna: Laka, Oier, Iraitz, Burgoa… Hasiera-hasieratik erakutsi zuten beste ezeren gainetik Aurreran jarraitzeko gogoa, eta gazteek izan dezaketen adibiderik onena dira. Beste batzuk, aldiz, oraindik ez dute erabakirik hartu, eskaintzen zain jarraitzen dute eta.
Beti izango da berezia herriko taldea entrenatzea, ezta?
Taldea osatzeko bilatzen ari garen jokalarien profila honakoa da: pertsona langileak eta hitzekoak, euren buruari baino taldeari garrantzia gehiago ematen diotenak . Ez da izango ez iaz baino txarragoa ezta hobea ere, desberdina izango da. Entrenatzaile bakoitzak bere ukitua ematen dio taldeari, eta guk talde gogor eta erasokor bat nahi dugu, Zaldupen gehienbat, daukagun 10eko zalegoagaz denok batera aurrera egiteko.
Ibon Lopez: “Ondarroako jaiak igarota hasiko dira benetako lanak. Momentuz, ez dago ezer itxita, baina lau lagunarteko badauzkagu jada, eta gure asmoa zazpi edo zortzi jokatzea da”
Zelako proiektua daukazue esku artean?
Urte nahikotxo kanpoan aritu eta gero, duela bi denboraldi Aurreraren deia jaso nuen. Orduan, Elgoibarren ari nintzen, eta oso gustura, gainera, baina herriko taldeak Berriatukogaz zeukan proiektuan murgiltzeko aukera eman zidatenean ez nuen dudarik eduki. Proiektu interesgarria iruditu zitzaidan, eta orduan Aurrerako zuzendaritza zenak interes handia jarri zuen ni herrira itzultzeko. Eskerrak eman nahi dizkiet bai orduan zuzendaritza batzordea osatzen zutenei eta baita orduko eta oraingo Aurrerako presidente Eladino Gonzalezi, duela bi urte egindako apustua benetakoa izan zela erakustearren.
Zelan planifikatuko dituzue denboraldi-aurrea eta denboraldia?
Mailaz jaisteak baldintzatu egin gaitu, Bizkaiko Ohorezko Mailako liga ez baita irailaren 23ra arte hasiko. Hori dela eta, abuztuaren erdialdera prisarik ez daukagu. Kontua da, abuztuaren 12an urteroko Andra Mari Saria jokatuko denez Zaldupen, denboraldi-aurrearen hasiera abuztuaren 7an kokatu dugula, hilaren 12ko lagunarteko partidu horretara entrenamendu barik ez ailegatzeko. Ondarroako jaiak igarota hasiko dira benetako lanak. Momentuz, ez dago ezer itxita, baina lau lagunarteko badauzkagu jada, eta gure asmoa zazpi edo zortzi jokatzea da.
Zure ustez, zeintzuk izango dira aurtengo gakoak guztia ondo joateko?
Garrantzitsua taldearen batasuna izango da. Aldagela batuta egon behar da, eta geratzen dena gustura geratu behar da. Gure aldetik, jokalariei ikusarazi behar diegu posible dela transmititu nahi diegun hori egitea. Taldean jende berri asko egongo da, eta berri horiek etxean bezala sentitzea oso garrantzitsua izango da. Zaldupe gotorleku bihurtu behar dugu, eta hori izango da gure helburua.
Laguntzaile berriekin zatoz, eta Mikel Aramaio izango da kirol zuzendari berria.
Egia esan, oso pribilegiatua sentitzen naiz alde horretatik, beste eskaintza batzuei muzin egin dietelako hemen geratzearren. Aurreraren deia hartu zuten momentuan ez zuten dudarik eduki, eta, gainera, laguntzaileak ez ezik talde bat beraiek bakarrik eramateko gai direla ere erakutsi dute, horrela egin dute eta azken urteetan. Mikel Aramaio izango da kirol zuzendaria, eta uste dut Aurrera moduko talde batek beharrezkoa zuela egiteko hori beteko duen norbait edukitzea.
Garrantzitsua izango da konfiantzadun jendeagaz inguratzea?
Bai, noski. Elkar ezagutzen dugu, eta denok dakigu besteak zelakoak diren. Konfiantza osoa dut euren lanean, eta badakit ez didatela hutsik egingo. Lan asko egingo dute, eta garrantzitsuena izango dena, konpromisoa hartu dute.
Zure ustez, zer behar du jokalari batek Aurreran jokatzeko?
Batez ere konprometitua izatea, serio aritzea eta gosea izatea. Iraitz Larrañaga eta Ander Laka bezalako jokalariak, esate baterako, harrobian ari diren jokalarientzako ispilu izan beharko lirateke.
Zein helburu dituzue aurtengo denboraldirako?
Lehenengo helburua talde lehiakor bat egitea izango da. Hori egin eta gero, taldeak maila berria ezagutu eta estuasunik ez pasatzea izango da helburua. Hori lortutakoan, ea ahal diegun goiko taldeei begiratu eta eurekin lehiatu.
Zer eskatuko zenioke taldeari eta zer zaletuei?
Taldeari konpromisoa, lana eta seriotasuna eskatzen diot, eta bakoitzak bere buruari gehiengoa exijitzea eta kritikoak izatea, bai jokalariak eta baita ni neu ere. Zaletuek igarri egin behar dute taldearen izaera eta nortasuna. Zaletuei, pazientzia izatea, eta orain arte bezala Zaldupera etortzen jarraitzea eskatuko nieke. Aurrerazaleak dira klubak duen balio erantsia, eta hori aprobetxatu egin behar dugu.